Euskal Herriko Uztai Txapelketa irabazi du Xabier Iturraldek

Anartz Izagirre 2021ko eka. 7a, 10:11

Xabi Iturralde, eskuinean. (Angel Lopez Aleman)

Iosu Valenciano itziartarrarekin batera lehiatu zen Iturralde Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuten txapelketan, eta bost uztai sartu ahal izan zituzten horiek. Datorren zapatuan, ekainak 12, jokatuko den Uztai Txapelketa Nagusirako txartela ere eskuratu zuen bikoteak.

Marques de Saka ganadutegiak antolatuta, Euskal Herriko Uztai Txapelketa jokatu zuten zapatuan, hilak 5, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan, eta Xabier Iturralde azpeitiarrak eta Iosu Valenciano itziartarrak osatutako bikoteak erdietsi zuen lehen postua. Guztira, bost uztai sartu zituzten horiek txapelketan, eta nahikoa izan zitzaien hori txapela eskuratzeko. Hori dela eta, datorren zapatuan, ekainak 12, jokatuko den Uztai Txapelketa Nagusirako txartela ere eskuratu zuen bikoteak. Bertan, Espainiako eta Euskal Herriko bikoterik onenak arituko dira aurtengo txapela eskuratzeko lehian.

Beste hiru azpeitiarrek ere parte hartu zuten txapelketan. Alde batetik, Urko Arrieta eta Eneko Martija izan ziren lehian, baina horiek ez zuten Uztai Txapelketa Nagusira sailkatzeko txartelik eskuratu. Bestetik, Ander Carpintero azpeitiarrak ere parte hartu zuen, Iñigo Goikoetxea tolosarrarekin batera, Goikoetxearen bikoteak min hartu baitzuen. Horrez gain, June Urain azpeitiarrak errekorte erakustaldia eskaini zuen zezen plazan.

Honako lotura honetan irakur daiteke Maialen Etxaniz kazetariak Arrietari, Martijari, Uraini eta Iturralderi eginiko erreportajea.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide