Zapatuan irekiko dute kanpoko igerilekua

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 7a, 16:16

Kanpoko igerilekua. (Azpeitiko Udala)

Aurten ere igerilekura joateko hitzordua hartu beharko dute erabiltzaileek, eta aforoa mugatuta egongo da txanda bakoitzeko. Irailaren 12a bitarte egunero-egunero egongo da zabalik kanpoko igerilekua, 11:00etatik 20:00etara.

Larunbatean, ekainaren 12an, irekiko dute kanpoko igerilekua. Zapatuan 11:00etan irekiko dituzte ateak, eta irailaren 12a bitartean egunero-egunero izango da zabalik 11:00etatik 20:00etara. 

COVID-19a bete beharreko prebentzio neurriak tarteko, aurten ere igerilekura joateko hitzordua hartu beharko dute erabiltzaileek, eta aforoa mugatuta egongo da txanda bakoitzeko. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, guztira, hiru txanda izango dira: aurrena 11:00etatik 13:45ak arte; bigarrena 14:00etatik 16:45 arte eta hirugarrena 17:00etatik 19:45 arte. Txanda bakoitzean gehienez 200 erabiltzaile egon ahalko dira igerilekuan. Erreserba egiteko aukera data baino hiru egun lehenago jarriko du eskuragarri udalak; beraz, larunbatean joan nahi dutenek asteazkenetik izango dute erreserba egiteko aukera azpeitia.eus webgunean. 

Udalak azaldu duenez, erabiltzaile bakoitzak gehienez astean hiru erreserba egiteko aukera izango du; hala ere, txanda hasi baino 15 minutu lehenago lekua gelditzen bada, gehienezko hori gainditzeko aukera eskainiko dute. Udalak gogorarazi nahi du azpiegitura publikoetan ezinbestekoa dela ezarritako protokoloak betetzea. 

Honako hau da udalak ezarritako protokoloa

"1. Musukoa derrigorrezkoa da, uretan eta toailaren gainean salbu.
2. Uretan nahiz kanpoan, gutxienez 1,5 metroko distantzia mantendu behar da bizikide ez dituzun pertsonekin.
3. Eskuak maiz garbitu eta desinfektatu. Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa, aurretik eskuak garbitu gabe.
4. Ahoa erabili eta botatzeko zapi batekin edo ukondoaren barrualdearekin estali eztul eta doministiku egitean.
5. Toailak edo bestelako objektu pertsonalak ezin dira partekatu. Etxera iritsitakoan, garbitu toailak eta bainujantziak.
6. Ez egin salto ur ertzetik.
7. Zaindu itzazu adingabeak, eta prebentzio-neurriak betearazi".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide