Azpeitiko Udalak herriko Irisgarritasun Plana gauzatzeko prozesua jarri du martxan, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko" helburuz. Erakundeak azaldu duenez, irisgarritasun araudiaren aplikazioa bermatzea, herritarrek egunerokoan izan ditzaketen arazoak atzematea zein horiek bideratzea dira planaren xedeak.
Udalak irisgarritasuna hobetzeko puntuak detektatu nahi ditu, hala nola eraikinetan, bide publikoetan, garraioan zein komunikazio sisteman, eta horretarako herritarren parte-hartzea "ezinbestekoa" dela azaldu du. Horrenbestez, irisgarritasunarekin zer ikusia –oinezkoen bideetako, espaloietako, parkeetako, eraikin publikoetako...zailtasun, oztopo eta hobekuntza proposamenak– duten ekarpenak jasoko ditu datozen egunetan.
Puntu horiek atzemateko herritarren iritzia jaso nahi du erakundeak, eta horretarako bi bide jarri ditu: batetik, e-posta bidez jasoko ditu arazoak nahiz proposamenak, irisgarritasun.postontzia@gmail.com helbidean; bestetik, berriz, inkesta bat osatu du herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Ekainaren 30a izango da horretarako azken eguna.