"Artista librea da ala merkatuaren barruan ari da ekoizten?"

Julene Frantzesena 2021eko ekainaren 13a

Arzallus eta Beitia. (Dani Blanco)

Ekida arte sozialista batentzako eraikina aurkezten ari dira azken hileotan. Ez dute eraikinik ekidatu baina ari dira, adreiluz adreilu, artearen eta kulturaren gainean hausnarketa eta ekimenak abiatzen. Webgunean artelanak, eztabaidak eta gogoetak artikulatuko dituzte, eta herriz herri ere ikuskizuna antolatu dute, poesia eta kantua uztartzen dituen Manifestua. Donostiako anfiteatroan topatu gara. Artearentzako espazio hustuan, soilik espektakuluz betetzen dena urtean pare bat aldiz. Bertan elkarrizketatu ditugu etengabeko krisi ekonomiko batean hezitako belaunaldiko kide diren Nagore Arzallus (Errezil, 1993) Azpeitiko bizilaguna eta Paul Beitia (Getaria, 1997); Bertolt Brechten tradizioari jarraituz A anderea eta B jauna hemendik aurrera. Argian elkarrizketatu dituzte biak.

Nondik abiatu da Ekida?

A: Ekidaren sorrera azken urteotan Euskal Herrian garatu den Mugimendu Sozialistaren baitan kokatu behar da. Osotasun kapitalista eraldatzeko borondateak ekarri du gizarteko hainbat alderdiri eta problematikari tradizio sozialistaren ikuspegitik heltzea. Baita politika sozialista batean arteak eta kulturak zer funtzio betetzen duten aztertu nahia ere. Guk uste dugu langileok kulturalki ere azpiratuak garela. Esaterako, gure garaiko industria kulturalaren bilakaera izugarria kontuan hartuta, horrek gure bizitzetan duen eraginari aurre egiteko inongo mekanismorik ez daukagu. Kapitalismoaren hegemonia erabatekoaren aurrean, langileok kulturaren esparruan ere independenteki antolatu behar dugula uste dugu.

Arte munduaren apatia apurtzeaz hitz egiten duzue. Zein da egun Euskal Herrian ikusten duzuen egoera?

B: Arteak mugimendu politikoekin eta politika sozialistarekin daukan loturaz hausnartzen ari gara. Arte oro da politikoa, baina bereziki interesatzen zaigu lotura hori kontzientea denean. Badira hamarkadak arte munduan egon diren dinamikak urrundu direla lotura politiko kontziente horretatik, Euskal Herrian ere bai. Artearen merkantilizazioaren joera gailendu da eta horren espresioetako bat da artistek bilatzen dutela norberak bere artea egitea, askotan oso ikuspegi indibidual eta pertsonaletik. Langileen mugimendu iraultzailearen porrot historikoaren garaian gaude. Horren ondorioz, gizartean despolitizazioa eta indibidualismoa gailendu dira, eta horrek artean ere badauka eragina. Ez dut esan nahi kritika soziala ikusten ez denik, baina guk harago joan nahi genuke. Arteak historikoki funtzio politikoak bete izan ditu politika sozialistarentzat, eta hori gaurtik eta hemendik berrabiatu nahi genuke.

“Arte sozialista bat, kosmobisio komunistari erantzungo diona”. Zerk definitzen du sozialista gisa artea? Artistak edo artelanak?

A: Artea prozesu sozial gisa ulertzen dugu eta, beraz, haren alderdi guztiak hartu behar dira kontuan: artistak, artelanak, baina baita hartzaileak, lan teknikoak eta abarrak ere. Guk kosmobisio komunistatzat ulertzen dugu langileria iraultzailearen kultura politikoa. Gizarte kapitalista ulertu eta gainditzeko markoa eskainiko duena, etika iraultzaile batekin. Arte sozialista kosmobisio komunista horren espresio estetikoa litzateke eta, era berean, baliabide bat kultura politiko iraultzaile horren erreprodukziorako eta hedapenerako.

Zentzu horretan defini daitezke arte sozialista baten ezaugarriak?

B: Sozialista ez da modu nominalean ulertu behar. Kontua ez da artistak bere burua sozialistatzat izatea edo bere lanari sozialista deitzea. Sozialista izendapenak zentzurik badauka, zentzu politikoa izan behar du, funtzio politiko sozialista betetzea, hain zuzen. Horregatik, kontzeptu zabal gisa ulertzen dugu arte sozialistarena, ez diziplina bati edo genero bati edo irizpide formal batzuei lotuta, irizpide politikoei baizik.

Euskal Herrian diskurtso gehienek kontsumoaren gainean dihardute, batez ere pandemia hasi zenetik: kultura zenbat “kontsumitzen” den eta nola. Gutxik hitz egiten dute zer ekoizten den eta nola. Zuek, ordea, ekoizpenaz hitz egiten duzue.

A: Guk ekoizpenaz zein kontsumoaz jardun dugu gizartearen baldintzen baitan. Arte sozialista antolatu behar den zerbaiten gisa ikusten dugu. Arte oro dagoelako antolatua, baina interes ezberdinei erantzunez. Egun, gizarte kapitalistaren baitan ekoizten eta kontsumitzen den artea, gizartearen beraren dinamikari erantzuten dion heinean, kapital metaketaren logikan antolatuko da. Adibidez, zein jendek dauka sarbidea kulturara eta zein kultura motatara? Guk bitartekoak eskaini nahi ditugu antagonikoa izango den arte bat eraikitzeko: politika sozialistarentzat funtzio ideologikoak bete ditzakeen arte bat, ez dutena irabazi ekonomikoek eta interes pertsonalistek gidatuko, borondate kolektiboak baizik. Eta gure ustez hori bermatzeko modu bakarra antolakuntzarena da.

Bitartekoen artean kritikaren beharra azpimarratzen duzue.

B: Arazo handi bat dugu kritikarekin. Arte kritika zein kritika politikoarekin. Euskal Kultura dei dakiokeen zerbait baldin badago, ez da batasunezko paradisu harmoniatsua, askotan proiektatu nahi den bezala, denok barku berean joango bagina bezala. Zeharkatuta dago gatazka politikoz, klase borrokaz eta gatazka ideologikoaz. Kritika hori zailtzen duten elementu asko daude, baina behar eta zilegitasun hori ezinbestekoa da.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Argia.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide