Atzo, igandea, aire zabaleko Gipuzkoako Atletismo Txapelketako hainbat proba jokatu ziren Donostian, Anoetan. Xeye atletismo taldeko kideak "gustura" gelditu dira bertan egindako emaitzekin. Urrezko domina lortu zuen Julen Azpiazuk 20 urtez azpikoen mailako 3.000 metroko proban, 9.13 minutuan bukatuta. "Oso gustura" dago atzo egindako lasterketarekin, hala esan du: "Astea katarroarekin pasatu nuen eta selektibitatea ere egin behar izan nuen aurreko astean. Beraz, txapelketara ez nintzen puntu-puntuan joan. Gainera, atzo Anoetan bero egiten zuen. Gainontzean, ez zen oso lasterketa azkarra izan, eta bukaerako emaitzarekin gustura gelditu nintzen".
Denbora hobeak eginda itzuli ziren Naiara Tena eta Bingen Aranbarri Xeyeko atletak. Tenak bigarren egin zuen 18 urtez azpiko 200 metroko proban, 25,89 segundoan eginda. Aranbarrik, berriz, bigarren postua 18 urtez azpikoen 800 metroko proban lortu zuen, 2.01 minutuan eginda.
Xeyeko hiru atletek ekainaren 26-27ko asteburuan Gipuzkoako Atletismo Txapelketako beste proba batzuk jokatuko dituzte: Azpiazuk 20 urtez azpikoetan 1.500 metroko proban parte hartuko du, Aranbarrik 18 urtez azpikoen 1.500 metrokoan eta Tenak, berriz, 18 urtez azpikoen 400 metroko proban.