Joan den larunbatean eman zioten hasiera aurtengo gazteen mailako dantza suelto txapelketen denboraldiari Errezilen, eta emaitza ezinhobeekin etxeratu ziren herriko dantzariak. Bederatzi bikote lehiatu ziren, eta guztietan onenak Nora Aizpuru eta Iker Zabala izan ziren; Azkoitiko Bizkargi dantza eskolako kideak, baina azpeitiarrak biak. Bigarren, Ibarrako Arrate Goikoetxeak eta Joanes Zubiak egin zuten; hirugarren eta laugarren, berriz, Azpeitiko Luix Beltza dantza eskolako dantzariak gelditu ziren: hirugarren, Malen Arrizabalagak eta Enaitz Segurolak osatutako bikotea; eta laugarren, Jone Arriaran eta Eki Aizpuru.
Luix Alberdi Beltza "pozik" dago bere ikasleek zapatuan erdietsitako emaitzekin, baina are gehiago txapelketen denboraldiari hasiera eman diotelako. "Iazko urtea eta gero, oso pozgarria da gazteen txapelketak hasi direla ikustea". Zentzu horretan, joan den urtekoa baino uda mugituagoa espero dutela aurreratu du, nahiz eta oraindik ez jakin ze txapelketa egingo diren.