Azpeitiko Udalak erabaki du zein izango den 39. Euskal Antzerki Topaketak iragarriko dituen kartela. Atzo arratsaldean elkartu zen epaimahaia, eta lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak ikusi eta aztertu ostean aukeratu zuen zein izango den aurtengo topaketen berri emango duen kartela. Maialen Azkue Mendez zarauztarrak egindako lana izan da aurtengo kartel lehiaketako irabazlea, epaimahaiak "aho batez" hala erabakita. Irabazleak 900 euroko diru saria jasoko du. Udalak azaldu duenez, epaimahaiak kontuan hartu du erakusketara bertaratu diren herritarren botoa.
Aurtengo deialdira 23 lan aurkeztu dituzte, eta horiek guztiak ikusgai daude Foru Ibilbideko Udal Erakusketa Aretoan, ekainaren 17ra arte.