Loiolako Iñigoren haurtzaroa eta gaztaroa ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute zapaturako

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 17a, 08:16

Loiolako Ignazioren eskultura, atzean santutegia duela. (Aitziber Arzallus)

Parte hartzaileak 11:00etan elkartuko dira Loiolako turismo bulegoaren parean, eta bi ordu iraungo ditu bisitak. Doakoa izango da, baina aforo muga tarteko, joan nahi dutenek aurrez erreserba egin beharko dute 943-15 18 78 telefonora deituta, i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzita edo Loiolan dagoen eskualdeko turismo bulegora joanda.

Uda sasoirako hainbat bisita gidatua antolatu ditu Iraurgi Berritzenen Turismo sailak, eta horietatik aurrena etzi izango da, larunbatean. Loiola Iñigoren ume eta gaztaroan izenburupean eta Vicente Davilak historialariak gidatuta, Iñigoren gaztaroa ezagutzeko sortutako ibilbidea egingo dute bisitan parte hartzen dutenek, eta harentzat esanguratsuak izan ziren hainbat dorretxe eta bestelako leku ezagutzeko aukera ere izango dute.

11:00etan Loiolako turismo bulegoaren parean elkartuko dira parte hartzaileak, eta bi ordu iraungo ditu bisitak. Parte hartzea doakoa izango da, baina aforo muga tarteko, joan nahi dutenek aurrez erreserba egin beharko dute 943-15 18 78 telefonora deituta, i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzita edo Loiolan dagoen eskualdeko turismo bulegora joanda.

Zapatuan hasi eta irailaren 18ra bitartean 31 bisita gidatu egingo dituzte. Aurtengo bisitak Ignaziotar Urtearen testuinguruan prestatu dituzte, Loiola bailara: Loiolako Iñigo, bere garaia eta lurraldea izenburupean. Izan ere, aurtengoa Ignatius 500 ignaziotar urtea da, Loiolako Ignazio eraldatu zuen esperientziaren bosgarren mendeurrena.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide