Obra txikietarako erreminten mailegu zerbitzua eskainiko dute Emakumeen Txokoan

Julene Frantzesena 2021ko eka. 17a, 11:22

Emakumeen Txokoko eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun saileko kideak erremintekin.

Besteak beste, mailuak, eskuzko zerrak, eskuairak, zerra elektrikoak, lixak nahiz taladroak maileguan hartu ahal izango dituzte herritarrek aurrerantzean. Tresna libre baldin badago, eskaera egin eta hilabeteko epean hartu ahal izango da hori maileguan. Udalak uste du erreminten mailegutza "emakume askorentzat baliagarria" izan daitekeela.

Etxeko obra edo lan txikiak gauzatzeko baliagarriak diren erreminten maileguntza zerbitzua jarri dute martxan Emakumeen Txokoan. Besteak beste, mailuak, eskuzko zerrak, eskuairak, zerra elektrikoak, lixak nahiz taladroak maileguan hartu ahal izango dituzte herritarrek aurrerantzean. Udalak azaldu duenez, emakumeak hainbat obra txiki egitera animatzea eta hori ahalbidetzea du helburu zerbitzuak.

Ikasturtearen hasieran altzarigintzan murgiltzeko tailerra antolatu zuen Azpeitiko Udalak, emakumeei erremintak erabiltzen irakasteko xedez, eta ikastarorako erositako materiala da erakundeak herritarren eskura jarri duena. "Baliabide publikoak herritarren eskura jartzeko helburuz, erreminten maileguntza emakume askorentzat baliagarria eta interesgarria izan daitekeela uste dugu", azaldu du Idoia Arrizabalaga Parekidetzasun zinegotziak.

Maileguntza zerbitzuan eskuragarri dauden erreminten katalogoan daude ikusgai langai guztiak, eta horiek Emakumeen Txokoan bertara joanda, telefonoz 943-15 70 55 edo 688 15 10 00 telefonora deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus e-posta helbidera mezua idatzita eska daitezke. Tresna libre baldin badago, eskaera egin eta hilabeteko epean hartu ahal izango da hori maileguan.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide