Gautenaren Loiolako Inazio Hiribideko azpiegiturak ikusteko aukera izango da bihar

Anartz Izagirre 2021ko eka. 17a, 12:00

Gautenaren Loiolako Inazio Hiribideko azpiegituretako bat.

Bihar, ostirala, 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango dira ate irekiak, eta interesa duen orok bisitatu ahal izango ditu Gautenaren egoitza berriak. Astelehenetik aurrera jarriko dituzte martxan eguneko zentroa eta logelak.

Gautena autismoaren Gipuzkoako elkarteak azpiegitura berriak zabalduko ditu datorren astelehenean, hilak 21, Loiolako Inazio Hiribidean, eta bihar, ostirala, azpiegitura horiek ikusteko ate irekiak izango dira herritar ororentzat. 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo dira zabalik egoitzak.

Zehazki, bi zerbitzu eskainiko dituzte Loiolako Inazio Hiribidean; alde batetik, 65 eta 67 zenbakidun lokaletan autismoa duten pertsonentzat eguneko zentroa egin dute –hogei bat lagunek erabili ahal izango dutena–, eta bestetik, 81 eta 83 zenbakidunetan, hamalau lagunentzat logelak egokitu dituzte. Eremu bakoitza 500 metro koadrokoa izango da. Udalak azaldu duenez, astelehenean iritsiko dira lehen bizilagunak etxebizitzetara, eta horiek "pixkanaka-pixkanaka egokitzen doazen heinean", bizilagun gehiago iritsiko dira Azpeitira.

Herrian egoitza berri hori izateko, Azpeitiko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gautenarekin izan da elkarlanean azken urteotan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide