Kepa Peñagarikanok eta Mikel Larrañagak bihar jokatuko dute Binakako II. Euskal Pentatloiaren finala

Andoni Elduaien 2021ko eka. 18a, 08:35

Gorka Etxeberriarekin arituko da Peñagarikano eta Jon Unanue Goenatxo III.arekin Larrañaga. Bihar, 17:00etan hasita, Tolosako zezen plazan jokatuko dute finala.

Kepa Peñagarikanok eta Mikel Larrañagak bihar, larunbata, 17:00etan jokatuko dute Binakako II. Euskal Pentatloiaren finala, Tolosako zezen plazan (Gipuzkoa). Finalerdiko 11 bikoteetatik laugarren denbora onena eginda lortu zuten Peñagarikanok eta Etxeberriak finalera sailkatzea; 18 minutu eta 56 segundo behar izan zituzten. Larrañagak eta Goenatxo III.ak, berriz, bosgarren denbora onena markatu zuten, lanak 19 minutu eta 9 segundoan amaituta.

Finalean, finalerdian izan zituzten lanak bikoiztu egin beharko dituzte, ordea, parte hartzaileek. Lanari ekiteko, 100 kiloko bolari 40 altxaldi eman beharko dizkio bikote bakoitzak; gutxienez hamasei jasoaldi eman beharko dizkio harriari bikoteko kide batek. Bola altxatu ondoren, berriz, giza proban 400 kiloko harriari lau plaza bana eman beharko dizkiote; bikotekide bakoitzak bina plaza osatu beharko ditu.

Harriarekin dituzten lanak amaitutakoan, aizkorari helduko diote. Lau kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman beharko dizkio. Handik berriz ere plazaren erdira abiatuko dira herri kirolariak, eta 50 kiloko txingekin zortzi plaza osatu beharko dituzte; bikotekide bakoitzak launa plaza egin beharko ditu. Proba amaitzeko, korrika egin beharko dute parte hartzaileek. Lau kilometro osatu beharko dituzte zezen plazan, eta gutxien egiten dituenak gutxienez hamasei itzuli eman beharko dizkio plazari.

Eguneko lehen txandan emakumeen finala jokatuko dute Karmele Gisasolak eta Uxue Ansorregik, Lucia Orbe eta Garazi Arrutiren aurka. Bi azpeitiarrak eguneko bigarren txandan arituko dira, Irabazalek eta Amadek osatutako bikotearekin batera; Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarren tokia hartuko du Irazabal-Amade bikoteak, Txapartegin min hartu du eta azken orduko baja dira Aizarnakoak. Hirugarren txandan, berriz, Ioritz eta Jon Gisasola, Jexux Mari eta Andoni Iruretagoiena eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza lehiatuko dira. ETB1ek zuzenean eskainiko du finala Tolosako zezen plazatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide