Azpeitiko Udalak eta urrestildarrek elkarlanean antolatuta, Suak harrotuz izeneko ibilbide antzeztua eskainiko dute igandean Urrestillan. Atzo bost saiotarako gonbidapenak jarri zituzten eskuragarri, eta agortu egin direnez, beste bi saio antolatu dituzte, 10:30erako eta 11:00etarako.
"Solstizioari, ohiturei eta emakumeen lanari balio emateko" antolatu dute ikuskizuna, eta adin guztietako pertsonei zuzenduta dago. Dena den, gomendatu dute 10 urtetik beherako haurrek heldu batekin joan beharko dutela emanaldira.
Hogei pertsonako txandetan egingo dute ibilbidea, Urrestillako hiru gunetan zehar, eta parte-hartzaileek orduerdiko tartearekin ekingo diote ikuskizunaz gozatzeari. Emanaldian zehar ipuin kontalariek eta dantzariek parte hartuko dute, eta, besteak beste, solstizioari buruzko kontakizunak nahiz sendabelarren inguruko azalpenak eman eta sorgintzat hartutako emakumeen abileziak azalduko dituzte. Sorpresak ere izango dira.
Ikuskizunaz gozatu nahi dutenek gonbidapenak eskuratu besterik ez dute egin behar. Gonbidapenak eskuragarri daude dagoeneko Entradium atarian. 11:30eko, 12:00etako, 12:30eko eta 13:00etako txandetarako gonbidapenak agortuta daude; 10:30eko txandarako eta 11:00etarako eskuratu daitezke.
Hona hemen Suak harrotuz ikuskizunaren spota: