Astelehenean hasiko dira Azpeitiko udaleku irekiak

Anartz Izagirre 2021ko eka. 18a, 10:30

2019ko herriko udalekuen irudi bat.

Herriko 350 gaztetxok parte hartuko dute aurtengo udalekuetan, eta horien segurtasuna bermatzeko hainbat neurri hartuko ditu Azpeitiko Udalak. Iraurgi ikastetxean bilduko dira egunero gaztetxoak zein hezitzaileak, eta inguru horretako trafikoa kontrolatzen arituko da Udaltzaingoa.

Ikasturtea amaitzearekin batera, datorren astelehenean, hilak 21, hasiko dira 2021eko Azpeitiko udaleku irekiak. Aurten, guztira, 350 haurrek eta gaztetxok parte hartuko dute udalekuetan, eta astelehenetik ostiralera, 10:00etan bilduko dira gaztetxoak eta hezitzaileak Iraurgi ikastetxearen Betharrametako eraikineko jolaslekuan. Astelehenean formazio saioa jaso zuten udalekuetan izango diren hezitzaileek.

Udalekuetan parte-hartuko duten herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz, hainbat neurri hartuko ditu Azpeitiko Udalak. Alde batetik, Udaltzaingoak motordun ibilgailuen trafikoa zainduko du anbulatorio aurreko oinezkoen pasabidean, 09:50etik 10:10era nahiz 12:50etik 13:10era bitartean; oinezkoek eta bizikletaz doazenek lehentasuna izango dute errepidea igarotzeko. Gainera, aipatutako denbora tarte horietan ibilgailuek ezingo dute Jose Artetxe kaletik Paulo VI kalera igaro, bizilagunek salbu. Neurri horiek astelehenean hasi eta uztailaren 16a bitartean egongo dira indarrean.

Bestalde, udalekuetan parte hartuko duten haurrei eta beren gurasoei Iraurgi ikastetxera bizikletaz edo oinez gerturatzeko gomendioa egin die udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide