Gaur jaso dugu azken asteotan denen ahotan zebilen albistea: maskara ez da derrigorrezkoa izango aire librean. Niri aste honetan akta ireki didan udaltzaingoak ere ederki zekien albiste horren berri, baina oraindik legeak musukoa eramatera derrigortzen gaituenez, Udaltzaingoak bere alde du legea, eta nik kontra.
Astelehenean, hilak 14, ireki zidan akta; 30 gradu, arratsaldeko bostak eta ni nindoan tokian jenderik ez. Baina beno, horren inguruan ez dut azalpen gehiegirik emango, ez barruak agintzen ez didalako, esan bezala, legea kontra dudalako baizik.
Baina nire amorrua beste alde batetik dator: Udaltzaingoaren jarreratik, hain zuzen ere. Berak esan bezala, bere lana egin du. Ados, erosten dut, baina kontxo, herrian denok ikusi dugu legea betetzearen lana nahi dutenetan bakarrik betearazten dutela. Bai, hala da, egoera askotan begiak itxi eta beste aldera begiratzea errazagoa egin zaie (ulergarria momentu batzuetan), baina egoera horiek gehienetan kutsatze arriskua eragiten zuten egoerak izan dira (musukoa eramatearen arrazoia hori baita). Aldiz, nire kasuan, kalean bakarrik nindoan, inolako kutsatze arriskurik gabe, eta danba, gaur akta irekitzeko gogoa sentitu du, jendeari errespetua faltatzen ari naizelako (bere hitzetan). Eta terrazetan dozenaka jende musuko gabe gaudenean? (Ni barne, noski). Orduan inor hasten alda aktak irekitzen? Edota larunbatetan taberna barruetan gertatzen diren hainbat egoeraren aurrean, hasten al dira aktak irekitzen? Berak dioen bezala, legea betetzeko badago, zergatik ez betearazi egoera denetan? Horrek ematen du amorrua benetan, eta udaltzain horrek onartu dit azkenean, bai, ni harrapatzera joan dela. Momentuan zer egitea komeni den, horren arabera mugitu izan dira, eta askotan askatasun guztia eduki dugu gauza batzuetarako, eta besteetan, aldiz, kontrakoa.
Testigantza honekin ez ditut denak zaku berean sartuko. Beste udaltzain batzuekin hitz egin dut, eta egoera naiz eta legezkoa ez izan, nire hasarrea ulertzera heldu dira. Eta eskerrak eman nahi dizkiot ni entzuteko denbora hartu duen udaltzainari, bai eta udaltzaingo buruari pertsonalki artatua izan naizelako bere bulegoan.