San Juan egunaren atarian, 'Suak harrotuz' kale antzerkiaz gozatu dute Urrestillan

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 20a, 21:00

"Solstizioari, euskal kulturari lotutako kondairei eta ohiturei nahiz emakumeen lanari balioa emateko" ikuskizuna da Suak harrotuz. Azpeitiko Udalak eta urrestildarrek antolatu dute elkarlanean, eta harrera paregabea izan du.

10:30ean hasita eta orduerdiko denbora tartearekin, hogei lagun inguruko taldetxoetan gozatu dute ikuskizunaz hitzordura bertaratu direnek, haurrek zein helduek. Urrestillako plazan jarri dute hitzordua, eta handik abiatuta murgildu dira abenturan.

Guztira, hiru txoko bisitatu dituzte, eta horietako bakoitzean pertsonai berezi batekin edo batzuekin egin dute topo… Aurreneko geldialdian, sorgin itxurako emakume batek hartu ditu taldeak, eta eguzkiaren sorreraren inguruko kondairak kontatu dizkie bertaratutakoei. Solstizioari buruzko kontakizunak entzun ahal izan dituzte, baita sanjuan egunari lotutako bitxikeria batzuk ere…

Aurreneko geldialdia eginda, parte-hartzaileak bigarrengo txokora joan dira, eta han sendabelarrak erabiltzen iaioa den emakume batekin egin dute topo. Hark hainbat eta hainbat landareren ezaugarriak azaldu dizkie bisitariei. Hain zuzen, San Juan sorta egiteko behar diren landareen inguruko xehetasunak azaldu nahiz ukendua egiteko behar diren azalpenak eman ditu. Gainera, ikuskizunera animatu direnei ukendu potetxo bat eman die opari. Hirugarren eta azken gunean, aldiz, dantza eta sua izan dira protagonistak. Naturarekin bat egitearen garrantzia azpimarratuta eman diote bukaera emanaldiari, eta antolatzaileak nahiz parte-hartzaileak pozik agertu dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide