Eman diete hasiera aurtengo udaleku irekiei

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 21a, 10:14

Gaur hasi eta datozen lau asteetan, 350 haurrek parte hartuko dute Azpeitiko Udalak antolatutako udaleku irekietan.

Gaur eman diete hasiera aurtengo Azpeitiko udaleku irekiei. Datozen lau asteetan egunero egingo duten moduan, 10:00etan elkartu dira Iraurgi ikastetxearen Betharrametako eraikineko jolaslekuan. Gurasoek lagunduta asko, bakarrik beste zenbait, lehendabiziko eguna izatearen urduritasuna agerikoa zen haietako askoren aurpegietan. Aurten, guztira, 350 haurrek eta gaztetxok parte hartuko dute udalekuetan.

Udalekuetan parte-hartuko duten herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz, hainbat neurri hartuko ditu Azpeitiko Udalak. Alde batetik, Udaltzaingoak motordun ibilgailuen trafikoa zainduko du anbulatorio aurreko oinezkoen pasabidean, 09:50etik 10:10era nahiz 12:50etik 13:10era bitartean; oinezkoek eta bizikletaz doazenek lehentasuna izango dute errepidea igarotzeko. Gainera, aipatutako denbora tarte horietan ibilgailuek ezingo dute Jose Artetxe kaletik Paulo VI kalera igaro, bizilagunek salbu. Neurri horiek astelehenean hasi eta uztailaren 16a bitartean egongo dira indarrean.

Bestalde, udalekuetan parte hartuko duten haurrei eta beren gurasoei Iraurgi ikastetxera bizikletaz edo oinez gerturatzeko gomendioa egin die udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide