Emaitza onekin hasi du Espaniako Igoera Bertikalen Kopa Jexux Zelaiak

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 21a, 19:13

Larunbat arratsaldean jokatu zuten Tarragonako Roquetes hirian Espaniako Igoera Bertikalen Kopako lehen lasterketa, eta hirugarren postua eskuratu zuen azpeitiarrak. Uztailaren 4an jokatuko du Zelaiak txapelketaren bigarren proba. 

Iaz bertan behera gelditu ziren mendi lasterketak, baina pixkanaka-pixkanaka ari dira kirol zaleen agendetara itzultzen. Iazko geldialdiaren ostean, Jexux Zelaiak aurten berriro jokatuko du Espaniako Igoera Bertikalen Kopa. Joan den asteburuan jokatu dute kopako lehen proba –lau izango dira guztira–, eta azpeitiarrak podiumean sartzea lortu zuen, 50 urtetik garakoen mailan hirugarren postua eskuratuta.

Larunbat arratsaldean jokatu zuten Tarragonako (Katalunia) Roquetes hirian Espaniako Igoera Bertikalen Kopako lehen lasterketa, eta igoera bertikalean parte hartu zutenek Tarragonako mendirik altuena den Mont Caro igo behar izan zuten; 1.441 metroko altuera, 5,5 kilometroko luzera eta 1.150 metroko igoera metatua izan zuen lasterketak. Zelaiak ordubete, bost minutu eta 59 segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Denbora horri esker sailkatu zen hirugarren 50 urtetik garakoen mailan.

Txapelketako hurrengo proba uztailaren 4an jokatuko dute, Granadako (Andaluzia) Sierra Nevadan, eta han izango da Zelaia. Abuztu bukaeran izango da hirugarren lasterketa Vega de Pasen (Asturias) eta Canfrancen (Aragoi) jokatuko dute kopako laugarren eta azken proba.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide