Koronabirusa Azpeitian

Bi kasu berri hauteman ditu Osasun Sailak Azpeitian

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 22a, 13:52

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa 164,26ra jaitsi da Azpeitian, eta eremu horian jarraitzen du. Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsi egin dira ospitaleratzeak, eta atzo baino bost pertsona gutxiago daude Zaintza Intentsiboen Unitateetan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratu dituzte atzo, astelehena, herriz herri egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Urola Kostan, guztira, sei izan dira zenbatutako kasuak, bezperan baino lau gehiago. Azpeitian bi kasu hauteman dituzte, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa 164,26ra jaitsi da. Gaur-gaurkoz, eremu horian jarraitzen du, eta eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik bigarren tasarik altuena duen herria da.

Bestalde, Zumaian hauteman dute kasurik gehien eskualdean. Herri horretan egindako probetatik hiruk izan dute emaitza positiboa, eta beraz, zertxobait igo da tasa. Gaur-gaurkoz, 183,34koa da, Urola Kostako altuena. Zarautzen kasu bat detektatu duten arren, bertan dute 5.000 biztanletik gorako herrien arteko egoera onena; izan ere, 25,68ko tasa dute, eta eremu berdean dago.

Bailarako gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu. Azkoitia azken egunotako datuekin eremu horira igaro den arren, 150,21ean dute tasa. Getarian 106,01ekoa da tasa, Orion 81,54koa, Zestoan 25,68koa eta Aizarnazabalen 130,04koa. Beizaman, Errezilen eta Aian, bestalde, hutsean mantentzen dute kasu metatuen tasa.

Gipuzkoan 31 positibo

Hego Euskal Herrian, orotara, 8.940 proba egin zituzten atzo, eta 183 kasu hauteman zituzten. Lurraldez lurralde, positibo kopuru altuena Bizkaian zenbatu dute (87), eta ondoren, Nafarroan (37), Gipuzkoan (31) eta Araban (25). Nafarroan % 2,6koa da positibotasun tasa, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %1,9koa. 

Osakidetzaren mendeko erietxeetan 23 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan. Guztira, 111 pertsona daude izurriaren eraginez ospitaleetan; horietatik 45 dira ZIUetan daudenak. Atzo baino bost gutxiago dira Zaintza Intentsiboen Unitateetan dauden pertsonak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide