Lopene (Zestoa), Arno (Mutriku) eta Zelai-Luze (Lastur, Itziar) ganadutegien arteko erronka izango da uztailaren 11n (igandea), Azpeitiko zezen plazan (18:00), errekortariekin. Zezen Beltz elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute saioa.
Errekortarientzat parte hartzea libre izango da, betiere 16 urtetik gora izanez gero. Antolatzaileek aukera eman nahi diote errekortari aritu nahi duen orori. Oztopoekin jolasteko eta errekorteak egiteko aukera egongo da. Lopeneko, Arnoko eta Zelai-Luzeko hiruna buru aterako dituzte plazara.
Ganadutegietako buru eta errekortari onena izendatuko eta sarituko dituzte.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Euskal Zezenzale Elkarteari, laguntzeko azaldu duen prestutasunagatik.
Sarrerak aurretik erosi ahal izango dira:
- Uztailaren 2an (19:30-21:00) eta 3an (12:00-13:30), Azpeitiko udaletxe azpian.
- Uztailaren 7an Suharra dokumentalaren emanaldian (Soreasu antzokia, 19:00).
- Ekitaldiaren egunean bertan (uztailak 11), zezen plazako leihatilan.
- Ikusleek 10na euro ordaindu beharko dute; errekortariek 20na. 0-4 arteko umeek doan izango dute sarrera.
Osasun egoera dela eta, derrigorrezkoa izango da zezen plazan maskara erabiltzea eta ikusleen artean metro eta erdiko tartea mantentzea.