Koronabirusa Azpeitian

Bost positibo hauteman dituzte Azpeitian

Aiora LarraƱaga 2021ko eka. 24a, 13:40

Eskualdean bederatzi positibo zenbatu dituzte, erdiak baino gehiago Azpeitian. Ondorioz, berriz ere koska bat gora egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: atzo 183,97koa zen eta 197,11koa da gaur. Gipuzkoan 52 kasu atzeman dituzte, eta 216 Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu COVID-19ari lotutako azken orduetako datuak, eta jakinarazi du atzo bost positibo atzeman zituztela Azpeitian. Ondorioz, berriz ere koska bat gora egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: atzo 183,97koa zen eta 197,11koa da gaur. Hala ere, eremu horian jarraitzen du herriak.

Eskualdean, beriz, bederatzi positibo berri atzeman dituzte guztira, herenegun baino hiru kasu gehiago. Azpeitiko bostez gain, Zarautzen hiru kasu berri atzeman dituzte, baina egoera ona da bertan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu berdean dagoen herri bakarra baita; gaur-gaurkoz 29,98koa da intzidentzia tasa herri horretan. Zumaian zenbatu dute beste positiboa, eta 213,70eko intzidentzia tasarekin eremu horian kokatuta dago.

Gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman osasun langileek. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman,  Errezilen eta Zestoan hutsekoa da hamalau eguneko intzidentzia tasa, Getarian 35,34koa, Orion 81,54koa eta Azkoitian 116,83koa. Hala, aipatutako azken bi herriak eremu horian kokatuta daude.

Gipuzkoan 52 kasu berri

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute atzo, guztira, 8.209 test diagnostiko egin zituztela, eta, horietatik 216 izan zirela positibok. Honako hauek dira datuak lurraldeka banatuta: 18 positibo atzeman zituzten Araban, 41 Nafarroan, 52 Gipuzkoan eta 102 Bizkaian. Horrez gain, Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren hiru herritarrek eman dute positibo egindako probetan.

Bestalde, erietxeetako egoerak hobera egin du nabarmen azken egunetan, eta Osakidetzak zehaztu du atzo 19 pertsona ospitaleratu zituztela COVID-19aren eraginez. Hala, gaur-gaurkoz 35 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ZIUetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide