Arreta soziosanitarioko profesionaltasun ziurtagiria lortu nahi dutenentzako ikastaroa emango du Azpeitiko Udalak irailetik aurrera, eta ikastaro horretan parte hartu nahi dutenei informazioa emateko eta oinarrizko frogak egiteko bilerak deitu ditu erakundeak uztailaren 6rako eta 7rako.
Saio horietara joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena eta horretarako aukera izango dute datorren astean, ekainaren 29tik uztailaren 1era, 08:30etik 14:30era, 943-25 50 06 telefonora deituta. Telefono horretan jakinaraziko zaio bakoitzari dagokion bilera ordua. Frogak, berriz, ikastaroa egin nahi dutenen ikasketa maila neurtzeko egingo dituzte; gutxieneko maila ez dutenei ikastaroa hasi aurretik prestakuntza eskainiko diete, "beharrezko gaitasunak bermatzeko". Uztailaren 6ko eta 7ko bileretara joateko "musukoa eta boligrafoa norberak eramatea ezinbestekoa" izango dela gogorarazi du udalak.
Zaintzaileen beharretara egokituta
"Herrian zaintzan lanean ari diren hainbat pertsonek orain arteko ikastaroen ordutegiak eta erritmoa lanarekin bateratzeko dituzten zailtasunen jakitun", ikastaroa horrelakoen "beharretara egokituta" egingo dutela jakinarazi du udalak, egunean hiru ordu eta erdiko saioekin. Ikastaroaren helburua zaintza lanetarako ezinbestekoa den titulua eskuratzeko aukera ematea da. "Langabeziari aurre egiteko formazioa da udalaren apustu nagusia. Bide horretan, formaziorako aukera desberdinak eskaintzen ditugu herrian. Zaintza lanetarako Arreta Soziosanitario ziurtagiria eskainiz, zaintza lanetan aritzen direnen profesionalizazioa bultzatu nahi dugu, eta bide horretan, lan horiek duintzeko eta langile horien bizi kalitatean eragiteko egiten dugu esfortzua", adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.