Igande honetan, hitzordu garrantzitsua izango dute Aiako probalekuan herri kirol zaleek. 12:00etatik aurrera, Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketaren lehen edizioa jokatuko dute han. Hiru bikotek hartuko dute parte txapelketan, eta Mikel Larrañaga azpeitiarra da txapelaren bila lehiatuko diren sei aizkolarietako bat. Iñaki Azurmendirekin osatuko du bikotea Larrañagak: Julen Alberdi Txikia IV.a-Jesus Mari Mujika eta Eneko Otaño-Ugaitz Mugertza dira lehian ariko diren beste bi bikoteak. Bikote bakoitzak sei kana erdiko eta sei hirurogei ontzako enbor moztu beharko ditu.
Txapelketaren lehen edizioa izango da Aian igandean egingo dena. Hala azaldu du Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidenteak: "Udazkenean hasi ginen lanean zuzendaritza berriko kideak, eta kirolariekin bilerak egin genituen, federazioan egon zitezkeen gabezien gaineko iruzkinak eta proposamenak haien ahotik jasotzeko. Hala iritsi zitzaigun lehiaketa hau antolatzeko eskaera, eta aurrera egitea erabaki genuen".
Aiako Udalaren babesarekin antolatu dute hitzordua: "Aiak herri kirolen aldeko apustua egin du datozen hilabeteei begira, eta eskertzekoa da kirol probak hartzeko erakutsi duten prestutasuna.
Publikoa ere probalekuan
Azken hilabeteetan, kirol proba gehienetan ez da publikorik izan, osasun krisiak hala behartuta. Igandean, ordea, aizkolariek ondoan izango dituzte zaleak. "300 lagun ingururentzako tokia egongo da probalekuan, dena ondo bidean bada", azaldu du presidenteak pozarren.
Bere hitzetan, publikoaren presentziarekin zentzu beteagoa hartzen du herri kirol proba batek. "Ikuslerik gabeko txapelketa bat ikusi nuen duela hilabete batzuk, eta oso tristea egin zitzaidan. Pena ere sentitu nuen isilik, jendearen animo eta berotasunik gabe jardun zuten kirolariengatik".
Ekonomikoki ere eragin handia du zaleak plazan (probalekuan, kasu honetan) izateak: "Segan, adibidez, sarrera kobratzea izaten da antolaketaren gastuak ordaindu eta kito egiteko modu bakarra. Beste modalitateetan, aizkoran kasu, udalek jartzen duten diruaren arabera kalkulua egiten da, sarrera kobratu edo ez adosteko", eman du jakitera Etxabek
Udan agenda zabala
Neurri murriztaileak arintzen ari direla aprobetxatuz, udan zehar Gipuzkoako federazioak antolatutako txapelketak egingo dira ia astebururo, modalitate desberdinetan.
"Gure esku egon dena ahalik eta azkarren ixten saiatu gara, kirolariei data zehatzak eman eta prestaketa hobeto bideratzeko aukera izan dezaten", bukatu du presidenteak.