Larunbat gauetan itxita izango da Izarraizko Atea parkea

Julene Frantzesena 2021ko eka. 25a, 12:06

Izarraizko Atea parkea.

Zapatuetan, 21:30etik 08:00etara bitartean, herritarrek ezingo dute parkean egon. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, parkea ixteko neurria asteburuetako jende pilaketak saihesteko hartutako neurriekin dago lotuta. Bestalde, parkeko txorroak zabaldu dituzte dagoeneko, eta jolas parkea aurki izango da erabilgarri.

Aurrerantzean, larunbat gauetan itxita izango da Izarraizko Atea parkea. Hain zuzen ere, zapatuetan, 21:30etik 08:00etara bitartean, herritarrek ezingo dute parkean egon. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, parkea ixteko neurria asteburuetako jende pilaketak saihesteko hartutako neurriekin dago lotuta. "Udalak azken asteetan hainbat neurri hartu ditu parkean sortzen diren jende pilaketak saihesteko, hala nola ibilgailuentzako aparkalekua itxita. Baina hori ixtea nahikoa ez zela ikusirik, parke osoa itxiko da zapatu gauetan".

Erakundeak jakinarazi duenez, azken boladan hainbat arazo sortu dira parkean eta kexa ugari jaso dituzte. "Herritarren aisialdirako ohiko gune bilakatu da parkea azken aldian, eta hori poztekoa izanagatik, asteburuetan parkean izaten den zaratari eta han izan diren herritarrek utzitako zikinkeriari lotutako kexak ugaritu egin dira". Udalaren arabera, "herritarren aisialdirako beharra ulertu arren", parkea ixteko neurriarekin "herritarren atsedena bermatu eta elkarbizitzarako bidea bilatu" nahi du.

"Egoera hobera" egiten ari bada ere, pandemia egoerak jarraitu egiten duela gogorarazi die udalak herritarrei, eta prebentzio neurriak betetzeko eta jende pilaketak saihesteko eskatu die.

Txorroak zabalik

Uda sasoia iristearekin, Izarraizko Atea parkeko ur txorroak martxan jarri ditu udalak, eta horiek erabilgarri izango dira udazkena bitartean. Txorroak erabili nahi dituzten herritarrek, baina, hainbat neurri bete beharko dituzte aurten ere; izan ere, COVID-19aren hedapena saihesteko hainbat neurri hartu ditu erakundeak. Batetik, gunea hesitu du aforoa kontrolatzeko; izan ere, aldi berean hamabost pertsonak egon ahal izango dute bertan. Gainera, ohiko prebentzio neurriak bete beharko dira, hala nola 1,5 metroko distantzia mantendu eta maskara jantzita eduki.

Horrez gain, Izarraizko Atean egiten ari diren jolas parkearen lanak bukatzear direla azaldu du udalak, eta esan du datozen egunetan irekiko dutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide