Abian da emakumeak zientzia eta teknologia ikasketetara bultzatzeko Sarralle Grow bekaren III. edizioa

Anartz Izagirre 2021ko eka. 25a, 15:20

Sarralle enpresak gizonen eta emakumeen arteko teknologia arrakala geldiarazteko eta zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia sendotzeko jarri du martxan deialdia. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi diren 18 eta 25 urte bitarteko emakumeei zuzendurik dago, eta gradu bikoitzak egiten hasteko asmoa dutenek egin dezakete beska eskaera; uztailaren 31 izango da horretarako azken eguna.

Martxan da dagoeneko emakumeak zientzia eta teknologia arloetako ikasketetara bultzatzeko xedez antolatzen den Sarrale Grow beka. Aurten, hirugarren aldiz jarraian antolatu du Azpeitiko Sarralle enpresak beka hori, eta datorren ikasturtean nahi duten unibertsitatean gradu bikoitzeko ikasketak hasiko dituzten emakumeei zuzenduta dago. Emakumeak ikasketa zientifiko-teknologikoetara bultzatzeaz gain, zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia handitzea da programaren beste helburuetako bat, eta ikasketak ordaintzeko arazo ekonomikoak dituzten gazteei lagundu nahi die Sarrallek.

Beketako bat zientzietako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako gradu bikoitzeko ikasketak egiten hasten direnen artean banatuko du Sarrallek; bestea, berriz, honako gradu bikoitz hauek edo antzekoak hasiko dituztenen artean: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; Negozioen Kudeaketa eta Lan Harreman eta Giza Baliabideak; Ingeniaritza Mekanikoa eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza; Zuzenbidea eta Lan Harremanak; Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidea; eta Zuzenbidea eta Komunikazioa.

Enpresak, guztira, 1.000 euroko laguntza emango die onuradunei ikasturte bakoitzeko, eta Sarralleko ingeniaritza eta korporazio sailetan ordaindutako praktikak egin ahal izango dituzte horiek uda sasoian, baita Gradu Amaierako Lanak enpresan bertan gauzatu ere.

Eskatzaileen baldintzak

Beka eskaera egiteko epea uztailaren 31n amaituko da. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi diren eta aurreko ikasturtea guztiz gaindituta duten 18 eta 25 urte bitarteko emakumeek egin ahal izango dute eskaera; modu horretan, gizonen eta emakumeen arteko "arrakala teknologikoa geldiaraztea" lortu nahi dutela azpimarratu dute Sarrallekoek: "Sektore horietan emakumeen jarduera tasa gizonena baino askoz apalagoa da, askotariko arrazoi kultural eta sozialengatik. Gainera, emakumeek beren ibilbide profesionalean aurrera egiten duten heinean, gero eta emakume gutxiago iristen dira zuzendaritzako eta ardura handiko postuetara kristalezko sabai eta korridore horien eraginez".

Sarralleren webgunean dagoen Careers atalean dagoen inprimakia bete beharko da eskaera egiteko, eta eskatutako eranskinak ere bertan igo beharko dira. Horrez gain, agiriak seleccion@sarralle.com helbide elektronikora ere bidali ahal izango dira, Becas Grow izenburua idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide