Gipuzkoako Binakako I. Aizkora Txapelketa jokatu da gaur eguerdian Aiako probalekuan, punta-puntako sei aizkolariren artean, eta emaitza ere halakoxea izan da. Lehia borrokatua eta estua. Bikote bakoitzak sei kanaerdiko eta sei hirurogei ontzako enborrak moztu behar izan ditu; hau da, lehenik hiru kanaerdiko, gero sei hirurogei ontzakoak eta, amaitzeko, beste hiru kanaerdiko. Lanak egiten bikote azkarrena Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Jesus Maria Mujika ibarrarrak osatutakoa izan da, 21 minutu eta 59 segundorekin.
Eneko Otaño beizamarra eta Ugaitz Mugertza mutrikuarra izan dira bigarren, 22 segundo eskasera; hauen denbora 22 minutu eta 21 segundokoa izan da. Hirugarren, azkenik, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Iñaki Azurmendi beasaindarrak osatutako bikoa sailkatu da, irabazleengandik minutu erdira, 22 minutu eta 29 segundo eginez.
Txapelketa ikusgarria izan da, ikusteko polita eta benetan lehiakorra. Bertaratu direnek gozatu ederra hartu dute kirolariek eman duten mailarekin eta erakustaldiarekin.