Uda garaiko gazteen problematikak, mahai gainera

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 27a, 18:07

Azpeitiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatuta eta Uda klase ikuspegitik aztertzen izenburupean, hainbat ekintza gauzatu zituzten atzo Frontoi Txikian bildu ziren dozenaka herritarrek. Goiz partean, lanaz, hezkuntzaz eta aisiaz jardun zuten mahai-inguruan; gero, bazkaria egin zuten; eta egunari bukaera Katarsia musika taldearen doinuekin eman zieten.

Udan sartu berritan, gazteek urte sasoi horretan izaten dituzten arazoak bistaratzeko eta horietaz hausnartzeko beharra ikusi du Azpeitiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), eta lanketa horri ekiteko aukera izan zuten atzo Frontoi Txikian bildu zirenek. Uda klase ikuspegitik aztertzen izenburupean, hainbat ekintza gauzatu zituzten, eta dozenaka izan ziren haietan parte hartzera animatu ziren gazteak.  

Mahai-inguru batekin eman zioten hasiera egitarauari. Besteak beste, lanaz, hezkuntzaz eta aisiaz jardun zuten hizketan, Azpeitiko hainbat gazteren esperientzietatik abiatuta. Ondoren, bazkaria egin zuten Frontoi Txikian bertan, eta arratsalde partean, Katarsia musika taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten han bildutakoek.

Atzokoa udara begira martxan jarri duten kanpainaren barruan antolatu zuten. "Uda, gazteontzat, klase zapalkuntzak zeharkaturiko urteko garaia da, eta ez, saldu ohi diguten gisara, kezka eta arazorik gabeko disfruterako momentua. Aldi baterakotasuna, soldata debaluazioa eta ikasgeletako eduki hutsalak jasan behar izaten ditugu, besteak beste. Horregatik, uda garaiko gazteon problematikak azaleratzea helburu, baliabide ideologikoak jarriko ditugu martxan datozen asteetan", azaldu du Azpeitiko GKSk sare sozialetan. Kanpaina horren barruan bi mural egin zituzten herrian, eta salatu zuten maiatzean egindako lan kontratuen %92,4 "aldi baterakoak" izan direla. 

(Argazkiak: Azpeitiko Gazte Koordinadora Sozialista)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide