Je suis Mathieu!!! Mathieu Van der Poel!!!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2021ko eka. 27a, 18:33

Mathieu Van der Poel. (Wikipedia)

Ikaragarria egin du Mathieu Van der Poel piztiak, eta falta zitzaion lasterketa eta toki bakar baino handienean erakustaldia eman: Frantziako Tourra. Etapa irabazi du, eta lidergoa lortu Mur de Bretagne-n, aurkariak hankapean ibiliz.

Ez esan gero txirrindularitza gustuko ez duzuela, Mathieu Van der Poelek Mur de Bretagne-en egin duena eta gero ezinezkoa baita kirol diziplina hau ez maitatzea. Basapiztiak erakustaldiz erakustaldi hezi, ohitu gaitu, baina distira munduko lasterketa onenean, ispilu eta oihartzun mediatiko handiena duen txokoan egitea falta zitzaion, eta egin du. Eta nola. Bi pasaera Mur de Bretagne-n, eta lehenengoan urruneko erasoa. Arriskatuegia, 16 kilometro helmugara. Taktikoki, baina, aparta, mugimendua, gainean gainsariak zeudelako. Zortzi segundo hartu ditu, eta ondoren, bere erasoa goiztiarra izan dela kamuflatu edo gorde du, artaldera bueltatuz.

Askok pentsatuko zuten, 'Van der Poel-enak egin du gaurkoan, bere bala erre du'. Usteak erdia ustel. Iritsi baitira azken aldapara. Jo dute Formolok, Quintanak, eta Colbrellik. Eta Italiako txapeldunaren atzetik herbeheretarra. Beragan ohikoa den pedal kolpe indartsuarekin, bizikleta hautsiko balu bezala. Watioak dantzan, azido laktikoa borborka, baina Van der Poel ikaragarri, nagusi, agintari... Erakustaldia. Garaipena eta lidergoa. Maillot horia bere aitona zenarentzat, Raymond Poulidorrentzat, Poupou maitatua. Atzo kale egin zuela jakitun zen Van der Poel, huts egin zuela. Gaur ordainekoa hartu du. Atzokoa, gaurkoa eta Tour osokoa, zaila izango baita tamainako erakustaldi bat ikustea berriro.

Hunkituta basapiztia helmugan. Malkotan. Izarren alde ezezaguna, ondokoek historia idazten dutenean, historia hori egiteko mila komeri pasa behar direlako. Eta onena izanagatik ere historia egitea oso-oso zaila delako. Ez da eguneko izar bakarra izan. Kontuz Baby Pog-ekin, Tadej Pogacarrekin. Ikaragarri dabil. Atzo Roglic parean eduki zuen, gaur igoera bikaina egin du, eta bere aurkari nagusia izan bide denari ipurdia erakutsi. UAEkoa asko dabil, eta asteazkeneko erlojupekoa itzela izanen da, ikuskizuna zain dugu.

Polita jarri da Tourra. Oso. Orain bi etapa lasai datoz, itxuraz. Bi esprint, eta volatero-en txanda. Bihar Lorient-Pontivy, 183 kilometro, eta zailtasunik ez, apenas, bidean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide