Xabier Irujoren solasaldiarekin itxi dituzte Noaingo guduaren bueltako hitzaldiak

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 28a, 10:04

Xabier Irujoren hitzaldia, Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak antolatuta. (Urolakoen Nafar Zuzterrak)

Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak antolatuta Xabier Irujok hitzaldia eskaini zuen atzo, 12:30ean hasita Azoka Plazaren gaineko aretoan. Ondoren, manifestua irakurri zuten plazan; eta gero, bazkaria egin zuten Sanagustinen. Uztailaren 4an Noaingo Bataila elkarteak antolatuta, ekitaldia egingo dute Noainen, gudua gogoratzeko monumentuan. 

Iritsi dira amaierara 1521ean Loiolan eta Noainen izan ziren gertaeren bosgarren mendeurrenaren harira Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak antolatutako hitzaldiak. Atzo eguerdian eskaini zuen bosgarren eta azken solasaldia Xabier Irujo historialariak Azoka Plazaren gaineko aretoan. Horren ostean manifestua irakurri zuten plazan; eta gero, bazkaria egin zuten Sanagustinen.

Berez, joan den astebururako beste asmo bat zuen Urolako Nafar Zuzterrak taldeak; izan ere, Noaingo Bataila elkarteak antolatuta ekitaldia egitekoak ziren Noainen, gudua gogoratzeko monumentuan, eta hara joateko deia egin zuen Urolakoen Nafar Zuzterrakek. Baina Vox alderdiak egun, ordu eta leku berean ekitaldi bat egingo zutela iragarri zuen, eta "gatazkak ekiditeko", ekitaldia uztailaren 4ra atzeratzea erabaki zuen elkarteak. Hori dela eta datorren igandean egingo dute ekitaldia Noainen.

Ekainaren 30ean 500 urte beteko dira Noaingo guduan nafarrek Gaztelaren mendeko tropei aurre egin zietela, Getzen. Nafarroako Erresuma berreskuratzeko eginiko hiru saioetatik azkena izan zen hura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide