Hitzaldia, bazkaria eta kontzertuak izango dira zapatuan, Errakiren erresistentzia kutxaren aldeko jaialdian

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 29a, 08:40

Bake Faltsua musika taldea Gaztetxean, 'Oroimena ez da delitua' jardunaldietan. (Azpeitiko Gaztetxea)

Errakiren erresistentzia kutxa nazionalaren aldeko Gipuzkoa mailako jaialdia izango da larunbatekoa. Azpeitiko Gaztetxean eta Azoka Plazan egingo dituzte ekintzak. Jaialdirako sarrerak agortu dira dagoeneko. 

Erraki langile kontrolpeko espazioen babes sarearen erresistentzia kutxa nazionalaren aldeko elkartasun jaialdia izango da zapatuan, uztailak 3, Azpeitian. Errakik Euskal Herriko hainbat txokotan antolatu ditu jaialdiak erresistentzia kutxa hornitzeko kanpainaren barruan, Elkartasuna dugu ardatz, ekintza batasuna bide lelopean, eta Azpeitikoa Gipuzkoa mailako jaialdia izango da. 

Larunbatean hitzaldia, bazkaria eta kontzertuak izango dira herrian. 12:00etan hasita, 'Okupazioaren ofentsiba Europan' hitzaldia eskainiko dute Errakiko kideek Gaztetxean. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Jaialdia borobiltzeko kontzertuak antolatu dituzte, eta horiek ere Gaztetxean izango dira. Hiru talde igoko dira oholtzara 18:00etan hasita: Dirty Old Gasteiz, Barne Guda eta Bake Faltsua. Jaialdirako sarrerak duela egun gutxi jarri zituzten salgai, baina dagoeneko guztiak agortu dira. 

Errakiren erresistentzia kutxa nazionala "langile kontrolpeko espazioek pairatzen dituzten erasoei eta presio ekonomikoei aurre egiteko tresna da". Babes sareko kideen arabera, "abokatuak, obrak, isunak, espazioen adeko borrokaren finantzaketa... hainbat gastu erortzen dira jabetza pribatuari kontrajarriz eskuratzen diren gaztetxe, etxebizitza, zentro sozial eta egoitza politikoen gain". Kostu horiek guztiak langile kontrolpeko espazioentzat "oztopo" direla uste dute, eta horiei "elkartasunez" aurre egiteko jarri zuten martxan erresistentzia kutxa nazionala. 

Asko dira Euskal Herrian zehar Errakiren erresistentzia kutxa hornitzen lagundu duten gazte asanblada eta eragileak; izan ere, Errakiz gain beste hainbat taldek ere antolatu dituzte ekintzak erresistentzia kutxa horri ekarpena egiteko. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, esaterako, joan zen ekainean egin zuen erresistentzia kutxaren aldeko jaialdia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide