Herriarteko txapeldunei ongietorria egin diete

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 28a, 20:15

Udaletxeko pleno aretoan egin diete harrera, gaur arratsaldean. (Aitziber Arzallus)

Gipuzkoako Herriarteko txapela zortzigarren aldiz herrira ekarri duten pilotariei harrera egin diete gaur arratsaldean udaletxean. Nagore Alkorta alkateak eta Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak zorionak eman dizkiete lorpenagatik, eta eskerrak ere bai, egunerokoan herrian egiten duten lanagatik.

Herriarteko txapela irabazi izan duten aurreko aldietan, txarangak lagunduta eta herritarren txalo artean iritsi izan dira Ilunpeko pilotariak udaletxera. Aurten, ordea, tamaina bereko balentria eginagatik, harrera ekitaldi xumeagoarekin konformatu behar izan dute. Gaur arratsaldean egin diete txapeldunei ongietorria, udaletxeko pleno aretoan. 

Zapatuan Oiartzunen kontra jokatu zuten sei pilotariak eta Jabier Odriozola, Josu Uzkudun eta Xabier Aldalur Ilunpeko ordezkariak azaldu dira 18:00etan udaletxeko pleno aretoan jarrita zuten hitzordura, eta Nagore Alkorta alkatea eta Egoitz Arruti Kirol batzordeburua han zituzten zain. Udal ordezkariek zorion eta esker hitzak izan dituzte Ilunpeko kideentzat; zorionak eman diezkiete lorpenagatik, eta eskerrak, egunerokoan eta herriaren alde egiten duten lanagatik. Oroigarri bat eta lore sorta bat ere oparitu dizkiete udalaren izenean. 

Ilunpeko pilotariek esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuten larunbatean, Oiartzunen kontra Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatu zuten finalean. Azpeitiak Herriarteko txapela janzten duen zortzigarren aldia da aurtengoa, eta horietatik bost azken sei urteotan irabazi ditu; 2015az geroztik urtero iritsi da finalera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide