Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketaren hamabigarren edizioa egingo dute datorren urriaren 3an, eta probaren antolatzaileak hasi dira dagoeneko prestaketa lanekin. Gainera, lasterketaren gaineko hainbat xehetasun eman dituzte dagoeneko: horien artean Josu Bereziartua eta Amaia Aranzabal mendigoizaleak omenduko dituzte egun horretan.
Lasterketaren eguna baliatuko dute azpeitiarra eta bergararra omentzeko; izan ere, proba bukatzean, 13:00etan, egingo diete omenaldia haiei. Bereziartua zortzimilako sei mendi egina da –lehena, Cho Oyu 1992an; Everest 1992an; Shisha Pangma 1996an; 2003an Gasherbrum I eta Gasherbrum II; eta azkena, Nanga Parbat 2005ean–; eta Aranzabal, berriz, 8.000 metroko mendi bat igo zuen lehen euskal emakumea izan zen –Cho Oyu mendia igo zuen, 1992ko irailean–.