Zaharrak berri, Cav

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2021ko eka. 29a, 18:49

Mark Cavendish. (Deceuninck)

Mark Cavendishek bere ametsa bete du; Tourrera itzuli, eta etapa bat irabazi, erretirotik oso gertu egin ostean. Lan bikaina egin diote Wolfpack Deceuninck taldeko kideek.

Errukirik ez du ezagutzen ziklismoak, eta are gutxiago Tourrak. Bret Van Moer flandestarrak enbidoa bota dio tropelari, eta hordagoa izateko zorian izan da, helmugatik 100 metrora harrapatu baitu majo sufritu duen pelotoiak. Halakoetan ez du huts egiten multzo nagusiak, kalkulagailua erabiltzen iaioena da, baina Van Moerrek dinamita dauka hanka zuztarretan, eta muga-mugan ibili da. Eta esprintean Man uharteko gizona azkarrena, Mark Cavendish. Erretirotik podiumera bueltatzetik baino gertuago egon zen iaz Cavendish, depresioak jota agur esatetik gertu, baina gutxieneko soldata jasota lekua egin zion Patrick Lefevre managerrak denboraldi hasieran, eta Sam Bennetten hutsuneari distira atera dio britainiarrak. Bere 31. etapa garaipena da Tourrean, 151.a bere kirol ibilbidean, eta Tourrean lehena irabazi zuenetik, 2008an, 13 urte pasatu dira.

Erabakigarria izan da Deceuninck taldeak, Wolfpack edo otso taldeak Cavendishentzat egin duen lana. Hasi De Clerq mandoarekin, Asgreenen bolborarekin hanka zuztarretan, eta Alaphilipperen azken ahalegina helmugatik kilometro pasatxora zegoen 200 metroko aldapan. Han jan dizkiote 8-10 segundo Van Moerri. Azken kilometroan Morkovek hartu du ardura, tropeleko esprint bideratzaile onena, eta garaipenak ia-ia eginak ematen dituen langile fina. Cavendishek oso berandu ekin dio esprintari, Van Moer saihestu behar izan duelako azken unean, baina ondo irabazi du, Bouhanni eta Philippsenen aurretik.

Erorikorik ez da izan tropelean, eta gaitzerdi. Tropelak halako protestalditxoa egin du hasi eta berehala, baina epela izan da. Minutu pare bat egin dituzte geldirik, atzoko ailegaera bihurriagatik eta arriskuagatik protesta egiteko, baina alferri,. Tourrak halako ekintzak munstro bat bailitzan irensten dituelako, eta azken finean, etapa bukaeretako arriskuan tropelak berak erantzukizuna daukalako. Denek nahi dute denak sartzen ez diren tokian egon, eta horrek, noski, ondorioak ditu.

Bihar Tourreko lehen etapa erabakigarria jokatuko da, 27,2 kilometroko erlojupekoa, Lavalen. Gorabehera batzuk baditu, baina egurra emateko aproposa da. Ikuskizun zer ematen duen Pogacarren eta Roglicen arteko buruz burukoak, batez ere Roglicek gorputza erabat mailatuta daukalako, atzoko erorikoaren ostean. Etapari begira, Wout Van Aert aipatzen da faborito gisa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide