Asteburuan hasiko da Azpeitia Dantzan egitasmoa

Julene Frantzesena 2021ko eka. 30a, 08:36

2018ko Azpeitia Dantzanen barruan Jose Mari Orbegozoren eskolakoek eskaini zuten emanaldiko irudia.

Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako kideek areto dantzen bi emanaldi eskainiko dituzte igandean: 17:00etan eta 19:00etan. Hurrengo asteburuan euskal dantzen txanda izango da: Sahatsa eta Itsasi taldeak izango dira Soreasuko agertokian.

Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako kideen emanaldiekin hasiko da aurtengo Azpeitia Dantzan igandean. Hain zuzen ere, areto dantzen bi emanaldi eskainiko dituzte horiek, 17:00etan eta 19:00etan, eta bigarren saiorako gonbidapen guztiak agortuta badaude ere, lehenengorako gelditzen da bat edo beste –honako lotura honetan eskura daitezke–. Soreasu antzokian izango dira bi saioak.

Euskal dantzak izango dira protagonista Azpeitia Dantzanen bigarren asteburuan. Izan ere, uztailaren 10ean, larunbatez, Matalaz ikuskizuna eskainiko dute Sahatsa dantza taldeko kideek, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Oraindik eskura daitezke emanaldi horretarako gonbidapenak Kulturaz.eus webgunean. Igande horretan, berriz, Itsasi dantza taldearen txanda izango da. Garenetik... izeneko emanaldia eskainiko du taldeak 19:00etan hasita, Soreasu antzokian –honako lotura honetan eskura daitezke saiorako gonbidapenak–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide