Adinekoen topaleku izateko, Sanjuandegiko Baigera zabalik izango da bihartik aurrera

Julene Frantzesena 2021ko eka. 30a, 11:05

Sanjuandegiko Baigeraren kanpoaldea.

Adinekoek soilik joan ahal izango dute bertara, taberna zerbitzurik ez da izango, eta asteartetik igandera, 15:30etik 20:00etara izango da erabilgarri. Bestalde, udalak adierazi duenez, datozen egunetan jarriko ditu Alde Zaharreko nahiz Sanjuandegiko Baigeraren tabernen lehiaketa publikoak martxan.

Adinekoek elkartzeko gune bat izan dezaten, Sanjuandegiko Baigera irekitzea erabaki du Azpeitiko Udalak, eta bihartik aurrera izango da zabalik. Erakundeak azaldu duenez, Baigera elkartearen eskaerari erantzunez zabalduko du espazioa, baina ez du ohiko moduan irekiko; izan ere, adinekoek soilik joan ahal izango dute bertara, taberna zerbitzurik ez da izango, eta asteartetik igandera, 15:30etik 20:00etara izango da erabilgarri. Lokala zaintzeaz arduratuko den pertsona bat izango da bertan.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako buruak azaldu duenez, "behar bati" erantzuteko irekiko dute Sanjuandegiko Baigera: "Azken hilabeteak oso gogorrak izan dira, batez ere adinekoentzat. Asko eta asko ohi baino gutxiago irten dira kalera, lagunekin ere ohi baino gutxiago bildu dira eta harreman sozialak murriztu egin zaizkie. Horri buelta eman nahian, itxita dagoen eremu bat egokitu nahi izan dugu, adinekoei lagunekin biltzeko eta aisialdirako espazio bat eskaintzeko".

Bestalde, udalak adierazi duenez, datozen egunetan jarriko ditu Alde Zaharreko nahiz Sanjuandegiko Baigeraren tabernen lehiaketa publikoak martxan –Sanjuandegiko Baigeraren taberna ez dago martxan gaur egun–. Bi tabernen kudeaketak esleitu bitartean, baina, espazioa irekitzea erabaki du erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide