Mendi Tour zinema emanaldia eskainiko dute datorren astean Soreasun

Julen Otaegi Leonet 2021ko uzt. 2a, 10:54

'The Tears of Shiva' filmeko fotograma bat. (Utzitakoa)

Mendi Film zinemaldiko film sarituenak eta onenak eskainiko dituzte Soreasu antzokian uztailaren 6an eta 8an, 19:00etan. Guztira, zazpi pelikula ikusi ahal izango dira; Mendian Hil, Urian Hil eta The Tears of Shiva euskal filmak tartean.

Mendi Tour zinema emanaldiaren seigarren edizioak Azpeitian egingo du geldialdia. Uztailaren 6an eta 8an, 19:00etan, Soreasu antzokian ikusi ahal izango dira  Mendi Film zinemaldian saritu eta gehien txalotu dituzten filmak. Mendia, muturreko kirolak, abentura eta natura biltzen dira pelikula horietan.

Zazpi film ikusi ahal izango dira guztira. Hilaren 6an, asteartea, Charge 2, Aterpean ateri, L'Escalade libérée eta Mendian Hil, Urian Hil filmak eskainiko dituzte. Aldiz, hilaren 8an, osteguna, The Tears of Shiva, The Wurl eta Out of the Blue pelikulek emango diote amaiera Mendi Tour emanaldiari.

Uztailaren 6an eta 8an, Iñaki Peña eta Mikel Sarasola izango dira Soreasun, Mendian Hil, Urian Hil eta The Tears of Shiva filmen zuzendariak, hurrenez hurren. Lehen pelikulako bi protagonista ere bertaratuko dira, Arantxa Gurrutxaga aizarnarra eta Suku Maya.

Kulturaz kooperatibak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dituzte datorren asterako emanaldi horiek, Mendi Film zinemaldiarekin elkarlanean. Kulturazen webgunean daude salgai sarrerak, eta emanaldi bakoitzaren aurretik ere Soreasu antzokiko leihatiletan ere erosteko aukera izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide