'Iñigoren garaia, Azpeitia XVI. mendean' izenburupean, bisita gidatua izan da goizean

Gorka Eizagirre eta Anartz Izagirre 2021ko uzt. 3a, 16:52

Azpeitian nahiz Urola Erdian hainbat bisita gidatu izango dira datozen asteetan eta hilabeteetan; horietako bat gaur, larunbata, izan da. Vicente Davila Zestoako historialariak Loiolako Ignazio eta XVI. mendea izan ditu hizpide saioan, eta herriko nahiz kanpoko hainbat bisitari elkartu dira plazan.

Uda sasoirako hainbat bisita gidatu antolatu ditu Iraurgi Berritzenen turismo sailak, eta gaur, larunbata, izan da horietako bat. Aurtengo bisitak Ignaziotar Urtearen testuinguruan prestatu dituzte; izan ere, Ignatius 500 ignaziotar urtea da, eta Loiolako Ignazio eraldatu zuen "esperientzia" dago urtemugaren oinarrian. Gaurkoan Azpeitiko plazatik abiatu dira bisitariak, eta Vicente Davila Zestoako historialariak hamaseigarren mendeko hainbat datu historiko eman dizkie horiei.

Hamabi bisita mota izango dira datozen asteetan eta hilabeteetan, eta bailarako hainbat txoko nahiz istorio ezagutzeko aukera izango da horietan. Guztira,  31 saio egingo dituzte, horietako gehienak Loiolan. Dena den, bisitetako batzuk Azkoitian, Zestoan, Aizarnan eta Aizarnazabalen ere eskainiko dituzte. Vicente Davila arduratuko da bisitak gidatzeaz.

Bihar, igandea, izango da asteburuko bigarren bisita: Lasaotik Madalenako ospitalera, Iñigoren itzulera. 10:00etan elkartuko dira parte-hartzaileak Madalena auzoko ospitalearen parean, eta handik Lasaora joango dira. Hiru orduko iraupena izango du saioak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide