Mito bat jaio da

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2021ko uzt. 3a, 18:13

Tadej Pogacar, maillot horia jantzi berritan. (UAE Team Emirates)

Sekulakoa egin du Pogacarrek, eta hankaz gora jarri Tourra; historiako mito handienen pare dagoen balentria egin du Alpeetan, eta hankapean ibili aurkari guztiak; hiru minutuko errenta atera du lehen mailako bi mendateetan, eta berea da Tourra. Teunsek irabazi du etapa eta bigarren izan da Ion Izagirre, bikain.

22 urte bakarrik ditu, ume moko bat baino ez da, baina okerrik ezean mito bat jaio dela esan genezake: Tadej Pogacar. Ez bere bigarren Tourra jarraian irabaziko duelako, gauzak normal, irabazteko moduagatik baizik. Aurkariak txikitu zituen erlojupekoan, eta aurkariak txikitu, hautsi ditu mendiko lehen etapan, Alpeetan. Bi gurpilen historian betirako oroituko den eguna izan da gaurkoa, 2021eko uztailaren 3a. Pogacarrek hatzekin zenba daitezkeen kirolariek egindako balentria gauzatu baitu. Eraso bortitza jo du Col du Romme pikoan, eta mendate horretako lau kilometroetan, eta Colombiereko beste zortzi kilometroetan hankapean ibili ditu den-denak. Hiru minutu atera dizkie denei, eta etapa irabazteko zorian izan da, erasoa jo duenean Dylan Teuns etapa garailea ia zazpi minutuko aldearekin bazegoen ere.

Formolo taldekideak prestatu dio terrenoa Pogacar liderrari. Bikain Formolo, eta oso txukun UAE, inork espero ez zuenean, Rui Costa eta McNulty lanean txukun, Ineos Inperioari aurre egiten. Carapazen erasoa espero zen, baina Pogacarrek jo du. Sekulako astindua. Plater handian %10-12ko pendizetan. Full gas. Garrotea, gatza, egurra. Nahi duzuen hitza erabili. Carapazek eutsi dio lehen kolpeari, bigarrenari ere bai, baina hirugarrenean joan egin da Pogacar. Oharkabean, elurra belazeetatik desagertzen den bezala. Indartsuena baita. Saiatu da eusten ekuadortarra, begi bistan mantentzen Pogacar, baina itsutu egin da, nonbait, bukaeran ordaindu egin baitu esfortzua. Hiru minutu sartu dizkio Carapazi, eta beste aurkari guztiei, 40 kilometrotan, eta tropeleko edonorentzat irits ezina dela baieztatu.

Ikusiko da zer ematen duten denbora zenbaketak eta beste, baina Pogacarrek Romme eta Colombiere mendateak txistu batean igo ditu. Bizikleta elektrikoarekin zihoala zirudien, bisaje onarekin, gaitasun genetikoa soberan daukala dakienaren ziurtasunarekin. 20 lagun zituen aurretik, eta haiek nekatuta joanda ere, nagusitasun handiz gainditu ditu. Inork ez du bere gurpilean sartzeko keinurik txikiena egin. Inork ez. Konparazioak gorrotagarriak omen, sarri, baina Pantani onenak ere akaso ez luke gaur Pogacarrek egin duena berdinduko. Ikaragarria egin du, mitoek egiten dutena. Lasterketa hautsi, lidergoa hartu, eta mundu guztiari gaindiezina dela sinetsarazi. Hori da Pogacar. Mito bat.

Tourreko garailea erabakita, geratzen diren bi asteak aspergarri samarrak izan bide dira, non eta Pogacarrek berekoi jokatu nahi ez duen, eta bere dinastiaren hasiera garaipenez aberastu. Podiuma dago jokoan, eta etapa garaipenak. Van Aertek ezin izan du maillot horia soineratu, baina bigarren dago, eta hiru minutuko aldearekin Lutsenko hirugarrenari, Uran, Vingegaard, Carapaz eta besteri. Podiumeko bi kajoi daude libre, baina Van Aert hiru minutuko errenta hori kudeatzeko gai izan liteke, are gehiago Parisera iritsi bezperako erlojupekoa aintzat hartuta. Baina irekia dago Tourra, garailearen izena alde batera utzita. UAEk aurrerapausoa eman du, eta bere liderrak aginte-makila hartu. Kito.

Etapa lortzeko borrokan Dylan Teuns izan da indartsuena, Bahrein taldekoa, Mohoric bezala. Etapa hasiera erotzeko modukoa izan da, oso azkarra, eta tropel nagusian 60 lagun bakarrik geratu dira. Thomas eta Roglic atzean geratu dira azkar, eta mundua galdu dute helmugan. 70 kilometro egin behar izan dituzte ihesaldia osatu arte, eta osatu dena, noski, distira handikoa: Poels, Teuns, Ion Izagirre, Nairo Quintana, Woods... Kanadakoak jo du aurrena, baina Teunsek harrapatu eta pasa egin du, atzetik etorrita. Teunsekin zihoan Ion Izagirre, baina ezin izan dio eutsi, eta bigarren postu on batekin konformatu behar izan du helmugan.

Bihar Alpeetako bigarren etapa jokatuko da, Cluses-Tignes. Hau ere laburra bezain menditsua, 145 kilometro, baina beste molde bateko mendateekin. Gaurkoak baino etzanagoak, baina luzeagoak. Bigarren mailako bi mendate daude, lehena abiatu eta 20 kilometrora, ihesaldia osatzeko ezin aproposagoa: Cote de Domancy. Ondoren etorriko dira lehen mailako Saisies (9 km, %6,4), maila bereziko Col du Pre (12,6 km. eta %7,7ko batez bestekoa), bigarren mailako Cormet de Roselend eta Tigneseko eski estazioan helmuga: 21 kilometroko mendate puska, baina %5.6ko malda. Adi altuerari, 2.107 metrora izango baita helmuga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide