Errakiren erresistentzia kutxaren aldeko Gipuzkoako jaialdia egin dute Gaztetxean

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 4a, 13:19

Okupazioaren ofentsiba Europan hitzaldia izan zen hasteko, eta ondoren, bazkaria eta kontzertuak izan ziren. Gipuzkoa mailako jaialdia izan zen atzokoa, eta jende ugarik parte hartu zuen ekintzetan.

Erraki langile kontrolpeko espazioen babes sarearen erresistentzia kutxa nazionalaren aldeko elkartasun jaialdia izan zen atzo, zapatua, Azpeitian. Eguerdian hasi ziren ekintzak; hasteko, Okupazioaren ofentsiba Europan hitzaldia eskaini zuten Errakiko kideek Gaztetxean, eta ondoren, bazkaria egin zuten Azoka Plazan. Arratsaldean, berriz, hiru talde igo ziren Gaztetxeko agertokira kontzertua eskaintzera: Dirty Old Gasteiz, Barne Guda eta Bake Faltsua. Gipuzkoa mailako jaialdia izan zen atzo egin zutena, eta jende askok parte hartu zuen ekintzetan.

Errakiren erresistentzia kutxa nazionala "langile kontrolpeko espazioek pairatzen dituzten erasoei eta presio ekonomikoei aurre egiteko tresna da". Babes sareko kideen arabera, "abokatuak, obrak, isunak, espazioen adeko borrokaren finantzaketa... hainbat gastu erortzen dira jabetza pribatuari kontrajarriz eskuratzen diren gaztetxe, etxebizitza, zentro sozial eta egoitza politikoen gain". Kostu horiek guztiak langile kontrolpeko espazioentzat "oztopo" direla uste dute, eta horiei "elkartasunez" aurre egiteko jarri zuten martxan erresistentzia kutxa nazionala. 

Asko dira Euskal Herrian zehar Errakiren erresistentzia kutxa hornitzen lagundu duten gazte asanblada eta eragileak; izan ere, Errakiz gain beste hainbat taldek ere antolatu dituzte ekintzak erresistentzia kutxa horri ekarpena egiteko. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, esaterako, joan zen ekainean egin zuen erresistentzia kutxaren aldeko jaialdia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide