Dantzakiko ikasleen erakustaldi bikainarekin hasi da Azpeitia Dantzan

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 4a, 20:19

Jose Mari Orbegozoren dantza konpainiako 200 ikasle inguruk egin dute dantza gaur, igandea, Soreasu antzokian. Bi emanaldi izan dira, 17:00etan lehena eta 19:00etan bigarrena, eta bi saioetan leporaino bete da aretoa.

Indartsu hasi da Azpeitia Dantzan egitasmoaren 2021eko edizioa gaur, igandea, Soreasu antzokian. Izan ere, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki konpainiako ikasleek dantza erakustaldi bikaina eskaini dute jendaurrean; 17:00etan izan da lehen saioa, eta 19:00etan berriro igo dira agertokira Dantzakiko 200 ikasle inguru. Askotariko dantzak eskaini dituzte Orbegozoren ikasleek; besteak beste, funky, zumba, txa-txa-txa, dantza modernoa eta bestelako hainbat estilotako erakustaldia eskaini dute Soreasun.

Bi saioetan leporaino bete da aretoa, eta ikusleek gozatu ederra hartu dute ikuskizunarekin. Datorren asteburuan, gainera, dantza emanaldi gehiagoz gozatzeko aukera izango dute herritarrek; izan ere, zapatuan, hilak 10, Sahatsa dantza taldeak Matalaz ikuskizuna eskainiko du jendaurrean, 19:00etan hasita. Honako lotura honetan eskura daitezke emanaldia ikusteko gonbidapenak.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren hirugarren eta azken ikuskizuna, berriz, Itsasi dantza taldeak igandean, hilak 11, eskainiko duena izango da. 19:00etan hasita, Garenetik izeneko emanaldia eskainiko dute dantzariek, eta saio horretarako ere eskuragarri daude gonbidapenak, honako lotura honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide