Aizpuru III.a erremontista San Fermin torneoko finalera sailkatu da

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 5a, 08:51

Joxin Aizpuru 'Aizpuru III.a'. (Oriamendi)

Urrizak eta Aizpuru III.ak 30-22 irabazi zieten Juanenea eta Barrenetxea IV.ari larunbatean Galarreta pilotalekuan, eta San Fermin torneoko lehen bikote finalista da. Juanenea-Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a-Larrañaga partidako irabazlearen aurka jokatuko dute finala.

Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrak San Fermin torneoko finalera sailkatzea lortu du. Joan den larunbatean, 30 eta 22 menderatu zituzten Juanenea eta Barrenetxea IV.a Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). Hain zuzen ere, bi bikoteek finalerako txartela zuten jokoan, baina gorriek gehiago asmatu zuten une garrantzitsuetan, eta Ansa II-Larrañagaren aurkako lehen partidan bezala, oso ziur eta langile agertu ziren. Lan horrek eta egin zituzten huts apurrek garaipena eman zieten Urrizari eta Aizpururi.

Azpeitiarrak eta nafarrak osatutako bikoteak jokatutako bi partidak irabazi ditu. Juanenea-Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a-Larrañaga bikoteek etzi, San Fermin eguna, jokatuko dute finalerdia, eta bikote irabazleak hilaren 14an jokatuko du finala Urriza eta Aizpuru III.aren aurka, Galarretan. Finalerdiko galtzailea, aldiz, txapelketatik kanpo geratuko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide