Idoia Asurmendik kontzertua eskainiko du ostiralean Soreasu antzokian

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 6a, 08:45

Idoia Asurmendi.

Aramaioarrak Ilun eta abar disko berriko abestiak kantatuko ditu Soreasun, 19:00etan hasita. Sarrerak eskuragarri daude Kulturazen webgunean, hamar euroren truke.

Idoia Asurmendi Aramaioko (Araba) musikariak kontzertua eskainiko du ostiralean, hilak 9, Soreasu antzokian. Duela urte batzuk bakarlari moduan hasi zen arabarra inguruko herrietan kontzertuak eskaintzen; euskal abestien bertsioak egiten zituen, baita pop-rock eta soul estiloko kanpoko abestien bertsioak ere. Orain, berriz, abestiak ere konposatzen ditu, eta hainbat alditan poesia sorkuntzak eta bere lana uztartzen ditu.

Bere abestiak jotzeko asmoarekin grabatu zuen Ilun eta abar diskoa joan zen udazkenean, eta lan horretako abestiak entzuteko aukera izango da Soreasun. Diskoan, gainera, hainbat musikari entzutetsuren kolaborazioak ageri dira; esaterako, Eñaut Elorrietarekin eta Olatz Salvadorrekin kolaboratu du, eta Fernando Velazquezek moldatutako bere kanta bat Euskadiko Orkestrarekin grabatu du. Dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak Kulturazen webgunean, eta hamar euroren truke eskura daitezke horiek.

Ostiralekoa ez da Asurmendik Azpeitian emango duen lehen kontzertua. Izan ere, joan zen abuztuan emanaldi bat eskaini zuen Sanagustin kulturgunean, Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoaren barruan. Honako lotura honetan ikus daitezke emanaldi horretako irudiak.

Hona hemen Idoia Asurmendiren Aulki jokoa abestiaren bideoklipa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide