Jon Guridik Realean jarraituko du 2024ra arte

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 5a, 15:02

Jon Guridi Realaren elastikoarekin Reale Arenan. (Reala)

Talde txuri-urdinak eta jokalari azpeitiarrak kontratua bi urterako berritzeko akordioa erdietsi dute. Akordio hori gaur, astelehena, sinatu dute Jokin Aperribay presidenteak, Roberto Olabe Realeko futbol zuzendariak eta Guridik Reale Arenan. Azpeitiarra "oso gustura" agertu da beste bi denboralditan Realarekin ariko delako.

Jon Guridik 2024ra arte luzatu du Realarekin zuen kontratua. Talde txuri-urdinak eta jokalari azpeitiarrak kontratua berritzeko akordioa erdietsi dute, eta gaur, astelehena, sinatu dute dokumentua Jokin Aperribay presidenteak, Roberto Olabe Realeko futbol zuzendariak eta Guridik Reale Arenako bulegoetan. Reala TBk elkarrizketa egin dio erdilariari, eta azpeitiarra "oso gustura" agertu da beste bi denboralditan talde txuri-urdinean ariko delako. "Txikitatik eduki dudan ametsa da, eta oso harro nago Reala bezalako talde batean jarraitzearekin. Gainera, urte ilusionagarria dator, eta ea denon indarrarekin gauza politak lortzen ditugun".

Klubak harekiko erakutsitako jarrera "harro sentitzeko modukoa" dela azaldu du Guridik: "Saiatuko naiz eman didaten konfiantza bueltan ematen". Horrez gain, joan zen denboraldia "oso polita" izan zela azaldu du. "Europa, Kopa irabazi, superkopan lan ona eginda... Eta iristear den denboraldia ere ilusioz betea izango da. Gainera, jendeak zelaietara sartu ahal izango du, eta oraindik eta politagoa izango da".

Lanaren fruitua

Guridik 2017ko martxoaren 18an egin zuen Realaren lehen taldearekin debuta Alavesen aurkako derbian. Reala B taldeko jokalaria zen Guridi orduan, eta lehen taldeko hainbat jokalariren faltan, hari hasierako hamaikakoan tokia egin zion Eusebio Sacristan entrenatzaileak. 2018ko urtarrilean egin zuen Realaren lehen taldera jauzia azpeitiarrak, baina ordutik hona arteko ibilbidea ez da erraza izan.

Lesio larri bat tarteko, hainbat hilabetez berdeguneetatik kanpo egon zen gaztea. 2018ko martxotik urrira zelairik zapaldu gabe egon zen, eta hilabete hartan Reala B taldearekin jokatzeko aukera izan zuen. Dena den, Realak utzita Mirandesera joan zen azpeitiarra denboraldi haren bigarren erdian, eta 2019-2020 sasoia ere han egin zuen. Iazko udan itzuli zen azpeitiarra Realera. 2020-2021 denboraldian hainbat partida jokatu zituen azpeitiarrak lehen taldearekin. Egindako lanak emandako fruitua da, beraz, beste bi denboralditarako kontratua luzatu izana.

Guridiri egindako elkarrizketarekin osatutako honako bideo hau argitaratu du Realak:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide