Tourreko lehen erdia betetzetik gertu etorri da lehen atseden eguna. Zer eman dute lehen 9 egunek? Zer emango du hurrengo asteak? Honatx, analisitxoa:
- Umeak izan dira protagonista. Lerroburuan kakotx artean jarrita dago umeak. Ez baitira umeak, gazte helduak baizik, baina euren adinarekin umetzat jo ditzakegu tropelean. Tadej Pogacar ume bat baita, 22 urte. Zer esan Mathieu Van der Poeli eta Wout Van Aerti buruz. Biek ala biek 26 urte dituzte, eta loraldi ikaragarria ekarri diote txirrindularitzari. Erasoari eraso, ausardiari ausardia. Garrote latza dute batak zein besteak, eta ikuskizuna eman diote azken urteetan nahiko aspergarria izaten ari zen lasterketari. Aspergarria zen talde indartsuek lotuta zeramatelako lasterketa, diktadura baten pare. Aurten mugitzeko askatasuna eta ausardia erakutsi dute askok, etapa benetan ikusgarriak ikusi ditugu hasieratik bukaerara, eta Tourra Giroaren pare edo gainetik jarri da ikuskizuna neurgailu gisa erabiliko bagenu. Ibil daitezela erne italiarrak, mendiko etapak aldatzeko hartu duten joera traketsarekin.
- Poggy nagusi. Gauzak normal bere bigarren Tourra irabaziko du. Diferentzia handiarekin, gainera. O'Connor sartu da ezustean bigarren postuan, baina beste faborito guztiak bost minutura daude. Sekulako zuloa. Esloveniarrak egurrean jarraitzen badu hausnartzeko moduko errentarekin buka dezake Tourra. Komeni ez, baina, eta esku frenoa botata joatea zentzuzkoena. Erlojupekoa irabazi zuen, baina etapa arrunt bat irabazi nahiko du. Aukeratzen duen egunean beste guztiek jai. Pirinioetan izanen da, noski.
- Podiumerako hautagai dezente daude, baina denak justu samar ote doazen sumatu zen atzo Tignesen. Carapaz da gehien saiatu dena, baina ez dago beste urte batzuetan bezain indartsu. Erasoek ez, iraupenak, erresistentziak, erabaki dezake podiuma, eta lantegi horretan eskarmentu handia dute Rigoberto Uranek edo Enric Masek. Iraun, iraun eta iraun, ondokoa belaunikatu arte. Hori bai, iraganeko ziklismoa puestometroaren truke. Zer esan O'Connorri buruz? Erne, larunbateko etapa menditsuan onenen taldetxoan helmugaratu zelako, eta atzo erakustaldi handia eman Tignesen. Kostatu behar zaie bigarren koskatik jaistea, hiru minutu denbora asko baita.
- Bigarren aste honetako interes guneak bi izanen dira: Cavendish bere garaipen zerrenda loditzen segitzeko gai izango ote den, eta mendiko bi etapak: Mont-Ventoux etzi, eta Andorrako iritsiera igandean. Munduari buelta eman diote atzoko irudiek, Tigneseko helmugan, Cav zaharra Declercq eta Morkov kideen gurpilean helmugaratzen, kontrola ixteko minutu pasatxo falta zela. Elkarri besarkatu ziren hirurak, eta hor indarra ikusten da. Merlier eta Demare etxera joan dira, eta horrek aurkarien arriskua murrizten du. Bihar, ostegunean eta ostiralean izango ditu aukera onak Merckxengana gehiago hurbiltzeko Man uhartekoak. Eta mendiko bi etapak. Etzi Mont-Ventoux bi aldiz, bero saparik gabe. Igandean Andorrara iritsiko da Tourra. Itzuliko mendate garaiena igoko dute, Envalira, 2.409 metrora, baina ez dirudi triskantza handia egiteko moduko etapa.
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 POGACAR Tadej UAE-Team Emirates 34:11:10
2 O’CONNOR Ben AG2R Citroën Team 2:01era
3 URAN Rigoberto EF Education – Nippo 5:18ra
4 VINGEGAARD Jonas Team Jumbo-Visma 5:32ra
5 CARAPAZ Richard INEOS Grenadiers 5:33ra
6 MAS Enric Movistar Team 5:47ra
7 KELDERMAN Wilco BORA – hansgrohe 5:58ra
8 LUTSENKO Alexey Astana – Premier Tech 6:12ra
9 MARTIN Guillaume Cofidis, Solutions Crédits 7:02ra
10 GAUDU David Groupama – FDJ 7:22ra
11 BILBAO Pello Bahrain – Victorious 8:38ra