Oraindik ere eskura daitezke Sahatsa eta Itsasi taldeen asteburuko ikuskizunetarako gonbidapenak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 7a, 08:45

'Matalaz' ikuskizuneko irudi bat. (Anartz Izagirre)

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan eskainiko dituzte bi taldeek emanaldiak. Sahatsak Matalaz deituriko ikuskizuna eskainiko du larunbatean, eta Itsasik Gurekin deiturikoa, igandean. Kulturazen webgunean eskura daitezke bi emanaldietarako sarrerak, dohainik.

Uztaila dantzaren hilabetea izan ohi da Azpeitian, eta horren erakusle da asteburu honetan bi ikuskizun izango direla herriko dantza taldeen eskutik. Alde batetik, Sahatsa dantza taldeak Matalaz emanaldia eskainiko du, larunbatean, hilak 10, Soreasu antzokian. 19:00etan hasiko da saioa, eta oraindik ere eskuragarri daude doako gonbidapenak, Kulturazen webgunean.

Matalaz ikuskizunak XVII. mendean Zuberoako nobleen aurka nekazariek egindako matxinada arrakastatsua zuzendu zuen Bernard Goienetxe Matalaz elizgizonaren antzezpena kontatzen du. Istorioan azaltzen denez, Frantziako tropek esku hartu zuten matxinada horretan, eta Goienetxek berrezarritako Zuberoako foruak indargabetu egin zituzten. Ondoren, tropek burua moztu zioten Matalazi herritarrak beldurtzeko eskarmentu gisa, eta bere burua ikusgai egon zen gau batez, bere jarraitzaileek kendu zuten arte.

Igandean, bestalde, Itsasi dantza taldeak Gurekin ikuskizuna eskainiko du, 19:00etan, Soreasun. Talde horretako kideek joan zen maiatzean azaldu zutenez, "oso gustura" hartu zuten beste urte batez Azpeitia Dantzanen aritzeko proposamena; iazko udaberritik ospatu ezin izan diren "herriko festak" oinarrian izango dituen ikuskizun berria aurkeztuko du Itsasik oraingoan. Ikuskizun horretarako sarrerak ere doakoak izango dira, eta honako lotura honetan eskura daitezke gonbidapenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide