Koronabirusa Azpeitian

Bi kasu atzeman zituzten Azpeitian atzo egindako probetan

Dorleta Agiriano 2021ko uzt. 7a, 13:21

Gutxi, baina behera egin du halere intzidentzia metatuaren tasak, 249,67tik 243,10era. Urola Kostan bezperan baino positibo gehiago zenbatu zituen atzo Osasun Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,8ra igo da positibotasun tasa, baina ospitaleetan hobera egin du egoerak.

Herenegun aspaldiko partez positibo berrien zenbaketa eten ondoren, atzo bi positibo atzeman zituzten Azpeitian COVID-19a detektatzeko egindako PCR eta antigeno probetan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez. Gutxi, baina behera egin du halere herrian intzidentzia metatuaren tasak, 249,67tik 243,10era, eta eremu horian mantentzen da Azpeitia.

Urola Kostan, atzemandako kasu positiboen kopuruak gora egin du azken orduetan. 23 kasu baieztatu dituzte eskualdean; hain zuzen, zortzi Zumaian, zazpi Azkoitian, lau Zarautzen, bi Azpeitian, eta bana Orion nahiz Zestoan. Aurreko bi egunetan zenbatutako kasuak zertxobait gutxiago izan baziren ere, atzo egindako PCR eta antigeno probetan zortzi lagunek eman zuten positibo Zumaian. Intzidentzia tasak, beraz, berriz egin du gora herri horretan: 610,56an zegoen atzo eta 661,44an dago une honetan. Eskualdean tasarik altuena duen udalerria izaten jarraitzen du, eta gorrian dago oraindik.

Azken zazpi egunetan detektatutako kopururik altuena izan zen atzo Azkoitian, eta zazpi kasu berri horiek kontuan hartuta, 91,80ra igo da kasu metatuen tasa. Hala, eremu horian sartu da Azkoitia. Orio (97,85tik 114,16ra igo da tasa) eta Zarautz (218,44tik 235,58ra igo da tasa) ere eremu horian daude. Atzotik hona, Zestoan ere gora egin du intzidentzia tasak, 128,4tik 154,08ra.

Aian (0), Aizarnazabalen (130,04), Beizaman (0), Errezilen (0) eta Getarian (0) ez dute kasu berririk izan azken orduetan.

Positibotasuna gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Atzo, uztailaren 6an, koronabirusa atzemateko 11.180 test egin zituzten Hego Euskal Herrian. Orotara 943 emaitza positibo izan dira (334 Nafarroan, 262 Bizkaian, 257 Gipuzkoan, 66 Araban eta 24 beste lurralde batzuetan erroldatutakoen artean), bezperan baino 32 gehiago. Atzo egindako probetako positibotasun tasak behera egin du Nafarroan, %17,9tik %15,2ra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, igo egin da positibotasun tasa, %4,8tik %6,8ra.

Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egin du egoerak atzotik. COVID-19ak jotako 51 pertsona zeuden ospitaleratuta atzo, bezperan baino zazpi gutxiago, eta ZIUetan ere jaitsi egin da ospitaleratutako lagunen kopurua, 30etik 25era. Atzo hemeretzi ospitaleratze izan ziren Osakidetzan, bezperan baino hiru gutxiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide