Mont Ventoux ikusten duenak ez du inoiz ahazten bere silueta dotorea. Pirinioak atzean utzi ondoren Carcassone, Nimes, Beziers, Montpellier eta Avignongo lur sail lauak zeharkatzen dira, eta bat-batean halako mendi erraldoi bat agertzen da begi bistan: Mont Ventoux, Mendi haizetsua, edo zuria, distiratsua. Ia 2.000 metroko menditzarra, hiruki berezia. Goraino igotzeko hainbat bide daude, eta batzuk oso gogorrak. Han idatzi dira Tourreko historiako urrezko orri batzuk, eta gaur ere utzi du bere arrastoa. Historian lehen aldiz bitan igo dute Mont Ventoux etapa berean, eta triskantza handi samarra egin du tropelean.
Ihesaldia osatu duten ziklisten artean, eta oilarren tropelean. Ihesaldia kostata egin da berriro. Julien Alaphilippe izan da aktiboenetakoa, eta saria lortu du, 22 laguneko multzoan sartu baita. Han ziren Dan Martin, Elissonde, Mollema... eta Wout Van Aert, 78 kilo eta 1,90eko morroskoa. Ventoux aldapa traketsa da berarentzat, pisu handiko mutila baita. Elissondek, esaterako, 58 eskas pisatzen du. 22 laguneko multzoa hautsi egin da Ventouxeko lehen pasaeran, eta Trek taldeak abantaila handia zeukan. Zazpitik hiru lagun: Bernard, Mollema eta Elissonde. Ventouxeko bi igoeren artean 15 kilometroko ordeka zegoen, eta han ez dute estrategiarekin asmatu autotik. Bernard erre dute, ihesaldia bizi-bizi gidatuz, eta Elissonderen edo Mollemaren erasoan pentsatuz Ventouxen. Bi horiek ez dira herrenak, baina talde berean Van Aert eta Alaphilippe egonda, arriskutsua. Hobea zuten Ventoux aurreko ordekan hiruretako batekin erasotzea, aurkariei lana eginarazteko, edota urduritzeko sikiera. Bernardek erritmoa jarrita besaulkian eman baitituzte. Kale egin dute, eta oso nabarmen. Nekez izango dute gaurkoaren tamainako aukera hoberik etapa bat irabazteko.
Oilarren taldean ere gauza bitxiak ikusi dira. Ineosek hartu du tropela gidatzeko ardura, Carapazen erasoa buruan. Thomas erre dute, Van Baarle, Castroviejo, Richie Porte eta Michal Kwiatkowski, azkena. Poloniarra paretik kendu denean Carapazek ez du jo, erritmoan segitu du. Pogacarren kontraerasoaren beldur, ziurrenik. Ba esloveniarrari beste aurkari bat atera zaio, Jonas Vingegaard danimarkarra. Jumboko gazteak erasoa jo du, eta liderrari aurpegia zimurrarazi dio. Krisitxo hori, dena den, ez da larria izan, Ventoux gainetik kilometro batera egin baitu hanka Vingegaardek. Ikuskizun Pogacarren ezina benetakoa izan den, edo bere gaindiezintasun aura horri indarra kentzeko nahita egindako keinua izan den. Txakalalditxoa jasan duen egunean minutu erdia baino ez baitu oparitu gailurrean. Helmugan ezer ez.
Sailkapen nagusian sekulako errentarekin jarraitzen du liderrak. Bost minutu baino gehiagp gertuen dituen bi aurkariei, Rigoberto Uran eta Jonas Vingegaard. Gaurkoa baino txakalaldi handiagoa harrapatu beharko du Poggyk, maillot horia galtzeko. Bihar erauntsiaren osteko lasaitasuna iritsiko da, esprinta berriro Nimesen. Cavendishen egun handia izango ote da?