GUTUNA

Barrura sartzera bultzatzen gaituzte

Leire Rezabal 2021ko uzt. 8a, 12:12

Leire Rezabalek honako gutun hau bidali du terrazetako ordutegiarekin desados dagoela eta.

Pasa den asteburuan gertatu zitzaidanak sortu didan harridura partekatzea nahiko nuke. Ostegun gauean Azpeitiko taberna bateko terrazan nengoen txakurrarekin eta lagun batekin udako gau giro ederraz gozatzen. Gauerdiarekin batera tabernaria etorri zitzaigun: mesedez terrazatik jaikitzeko eskatu zigun, udaltzainen isunaren beldur baitzen. Nahi izanez gero, taberna barruan jarraitzeko aukera genuela baina terraza hustu beharra zuela esan zigun.

Aho zabalik gelditu ginen! Barrura sartu gintezkeela eta kanpoan ezin genuela egon! Behin eta berriro errepikatzen digute komunikabideetan –osasun arloko arduradunek, politikariek eta abar– barrualdeak edo leku itxiak ahalik eta gehien saihestu behar ditugula!

Ostiralean Zarautzera joan nintzen, eta afal ostean Malekoiko terraza batean jarri ginen. Bertako langileari galdetu nion zer ordutegi zuten, eta terrazan 02:00ak arte egon gintezkeela esan zidan. Larunbat gauean Azpeitiko terraza batean egon ginen. Terraza jendez beterik zela, 01:00etan tabernaria etorri zitzaigun terraza jaso beharra zuela esanez, bertan geunden denongan haserrea eta harridura piztuz.

Bizitzen ari garen egoeraren kudeaketa zaila da, bai, baina ez ditut ulertzen kasu honetan Azpeitiko Udalak terrazen inguruan hartutako erabakiak. Barrura sartzera bultzatzen gaituzte kutsadurak espazio itxietan biderkatu egiten direla gauza jakina denean!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide