Azpeitia Bizi lelo hartuta, hainbat kultur ekintza izango dira herrian uztailean zehar, eta horietako bat atzo osteguna, izan zen. Hain zuzen ere, Kantujirako kideek emanaldia eskaini zuten Azoka Plazaren kanpoaldean. Azkenengoz 2019. urtean atera ziren kantuan Kantujirakoak, iaz pandemia zela-eta ez baitzuten emanaldirik eskaini. Hori dela eta, gogotik abestu zuten atzo beren errepertorioa; Txomin Artolaren eta Amaia Zubiriaren Begiak parrez parrez abestiarekin ekin zioten saioari, eta segidan, beste hainbat doinu ezagun entzun ahal izan ziren plazan.