Aitor Zubizarreta fitxatu du Acunsa Gipuzkoa Basket taldeak

Julen Otaegi Leonet 2021ko uzt. 9a, 13:11

Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalaria.

Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) saskibaloi jokalariak Acunsa Gipuzkoa Basket taldearekin jokatuko du Espainiako Urrezko LEB Liga datorren denboraldian.

Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalariak Acunsa Gipuzkoa Basket taldean jokatuko du 2021-2022 denboraldia, Urrezko LEB Ligan. Hala iragarri du Donostiako taldeak. Zubizarretaren bosgarren denboraldia izango da Urrezko LEB Ligan –2017-2018 denboralditik ari da lehian maila horretan–.

Bilbao Basketek fitxatu zuen lehenengoz Urrezko LEB Ligan, geroago Sammic ISB taldean aritu bazen ere. Ondorengo hiru denboraldietan kanpoan jokatu du: lehenik, Chocolates Trapa Palencia taldean; hurrengoan, Caceres Patrimonio de la Humanidad taldean; eta azkenengo sasoian Palentziara itzuli zen. 25 partida jokatu ditu aurten, eta bederatzigarren postuan amaitu du taldeak.

Aurretik, Iraurgi Saskibaloi Taldean nahiz Bilbao Basketen jokatu zuen hainbat urtetan Zubizarretak. 2013an debutatu zuen Zilarrezko LEB Ligan ISBrekin, eta, ondoren, AEBtara joan zen. Bertan, Portland Pilots eta Idahoko Unibertsitateko Coyotes taldeekin jokatu zituen bina urte, 2013tik 2017ra arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide