Mark Cavendishek historia egin du, eta Carcassone hiria Tourreko urrezko historian geratuko da idatzia. Han berdindu baitu ingelesak Eddy Merckx handiaren marka, 34 garaipen Tourrean. Bere laugarren etapa garaipena da, eta denetan zailena, Deceuninck morroiak galtzen joan delako esprinta bilatzeko egin duen lan bikainean. Tim Declerq traktorea galdu dute aurrena, erorita, eta Alaphilippe gero, tropelean joan nahi ez, eta garaipena nahi zuten hainbaten ahaleginak itotzen Dartañan.
Hiru lagun geratu zaizkio azken 10 kilometroetarako Cavendishi, baina horiekin nahiko. Asgreen lokomotora azken kilometroan sartzeko, Ballerini ondoren, eta Morkov azkena, Cav atzetik suziri baten pare etorri eta ondo irabazteko. Morkovi buruz hamaika lore bota ditzakegu, baina ez gara nekatuko. Bigarren sailkatu da Cavendishen ondoren, aurkari guztiei aurrea hartuta! Ikaragarria. 34, gorde zenbaki hori!!! Historikoa Cavendish, The King in the North!
Bihar 14. etapa korrituko da, etapa mugitua eta gaiztoa, Alpeen atarian Matej Mohoricek irabazi zuenaren antzekoa. Van der Poel joan zen etxera, baina Van Aert eta bestek tropelean diraute. Segadak egiteko terreno aproposa da Erdikaldeko Mendikatekoa. 183 kilometro Carcassone eta Quillan artean, eta bost mendate: hirugarren mailako bi eta bigarren mailako beste hiru. Bigarren mailako lehen mendatea, Montsegur, tentea da: lau kilometro pasa eta %8,7ko batez besteko pendiza. Azken biak ere errazak ez: Galinagues 2,2 kilometro eta %9ko malda, eta azkena, Col de Sant-Louis, helmugatik 17 kilometrora, eta gainsariak pankartapean: ia 5 kilometro, eta batez beste %7,4ko pendiza. Eguraldi eguzkitsua espero da, 30 gradu inguru helmugan.